65 gaztek lankidetza-lanak egingo dituzte EGL programari esker

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren eskutik, uztailaren 13tik aurrera 65 gaztek Amerikako eta Afrikako 9 herrialdetan garatuko diren 33 egitasmotan parte hartzeko aukera izango dute

Euskadiko 65 gaztek EAEko GKE ezberdinek Amerikan eta Afrikan garatzen dituzten 33 proiektutan parte hartzeko aukera izango dute Euskadiko Gazteak Lankidetzan programari esker. Uztailaren 13tik aurrera eta hiru hilabetez, hautatuak izan diren 65 gazteek Honduras, Perun, Ekuadorren, Mexikon, Guatemalan, El Salvadorren, Kolonbian, Ginean eta Ugandan garatzen ari diren proiektuetan lan egiteko aukera izango dute.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak (Elankidetza) antolatzen duten programak helburu bikoitza du. Alde batetik,  Euskadiko gazteak hegoaldeko herrialdeetako lankidetza-ekintzetan sentsibilizatu nahi dira. Bestetik, herrien eta kulturen arteko elkartasun-kultura ere sustatu nahi da.

Programa

Aurtengo edizioan parte hartuko duten 65 gazteek maiatzean egindako hautaketa-prozesu batean parte hartu zuten. Bertan, gazteek garapenerako lankidetzari, GGKEen zereginari, berdintasunari eta garapenari, herrialdeetako segurtasunari eta Garapen Jasangarrirako Helburuei buruzko prestakuntza jaso zuten.

Programa duela 30 urte jarri zen martxan eta urte hauetan guztietan Euskadiko 2.400 gazte inguruk eta 100 GGKE baino gehiagok parte hartu dute bertan.