Nafarroako ikasleen %48,4k eskola-jazarpena jasan du azken urtean

Hezkuntza Departamentuak irakasleentzako prestakuntza eta ikasleei arreta emateko tresnak jasotzen dituzten ‘Ongizate Emozionaleko Karpetak’ aurkeztu ditu

Hezkuntza Departamentuak orain arte Nafarroan aurrez aurreko eskola-jazarpenari eta teknologikoari buruz (bullyinga eta cyberbullyinga) egindako azterketarik handiena aurkeztu du. Lehen Hezkuntzako, DBHko, Batxilergoko eta Oinarrizko eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako 15.544 ikasleren borondatezko lagin anonimoarekin egin da azterketa.

Biktima diren ikasleen, erasotzaileen eta behatzaileen prebalentziaren azterketa epidemiologikoa UPV/EHUko Ebaluazio eta Diagnostiko Psikologikoko katedradun Maite Garaigordobil-ek egin du, eta 2022-2023 ikasturtean matrikulatutako Nafarroako ikasleen lagin adierazgarri bat jaso du, bai ikastetxe publikoetan, bai itunduetan, Foru Erkidego osoan banatuta.

Azterketak utzi duen ondorio nagusia honako hau da: Nafarroako ikasleen %48,4k aurrez aurreko bullying-jokabideren bat bat edo gehiago (fisikoa, hitzezkoa, soziala edo psikologikoa) jasan dituela adierazi du. Ildo berean, % 35,2k azken urtean cyberbullying-portaera bat edo gehiago jasan ditu. Laginean parte hartu duten ikasleen % 63,7k adierazi du aurrez aurreko bullying jokabide bat edo gehiago ikusi dituela, eta ikasle behatzaile horien % 29,8k adierazi du biktima gertakari horietatik babestu duela. Era berean, inkestatutako ikasleen % 31,6k onartzen du aurrez aurreko bullying portaera bat edo gehiago egin dituela azken urtean, eta % 12k dio cyberbullying-portaera bat edo gehiago izan dituela aldi berean.