Euskal gazteriaren % 42k kontsumo arduratsua egiten du

Kontsumo arduratsua zabalduago dago Bizkaian, adinarekin gero eta handiagoa da eta emakumeak arduratsuagoak dira


Gazteen Euskal Behatokiak Euskadin bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 pertsonari egindako galdeketan oinarritutako “Gazteak eta kontsumo arduratsua” azterketaren arabera, Euskal gazteen %42k modu arduratsuan kontsumitzen du. Ikerketa honen xede nagusia gazteriaren kontsumo ereduak aztertzea izan da, eta horretarako, nola, zer eta zenbat kontsumitzen den aztertu da.
Kontsumo arduratsuaren kontzeptua, benetako beharrei egokitzen diren kontsumo ohiturekin lotuta dago, eta horiek ingurumena zaintzen eta gizarte berdintasuna lortzen laguntzen dute. Arau horiekin, kontsumo arduratsuaren Indizea kalkulatzeko ondokoak baloratuko dira: gazteen kontsumoaren arrazionaltasuna, etika, iraunkortasuna eta aukerako praktikak. Azterketaren arabera, erdi-goiko kontsumo arduratsua egiten duten gazteen ehunekoa % 42 da.

Kontsumo arduratsuari dagokionez, erdi eta goi mailan dauden pertsonak taldekatuz gero, Lurralde Historikoen arabera ezberdintasun esanguratsuak ikusi dira. Bizkaiko gazteak %47 dira, Gipuzkoan, berriz, %38 dira eta Araban %34k osatuko du talde hori. Halaber, zaharragoak badira, goi-erdi kontsumo arduratsuaren maila handiagoa izango da; 15 eta 19 urte bitarteko pertsonen artean kopurua % 35 da eta, 25 eta 29 urte bitartekoen artean, berriz, % 46 da. Sexua kontuan izanik, ez da haien arteko alde handirik topatu, baina emakumeen kopurua (% 43) gizonena (% 41) baino zertxobait handiagoa da.

Kontsumo arrazionala

Produktu edo zerbitzu bat modu kontzientean eta hausnarketaren ondorioz eskuratzen denean kontsumo arrazionala ematen dela esaten ohi da. Horretarako, besteak beste, erosketa aurreko unea, eta nahi ez diren ondorioak hartzen dira kontutan.

Horrela, gero eta gazte gehiago dira aldagarri hauek guztiak kontutan hartzen dituztenak. Adibidez, erosi baino lehen, produktua ondo dagoela egiaztatzen duten gazteak %84 dira, eta arazoren bat egotekotan erreklamazioa egingo luketeenak, berriz, %82.

Gainera, % 72k dio eskaintzez eta beherapenez baliatzen dela, % 71k faktura egiaztatzen du, % 68k aldez aurretik pentsatu du zer erosiko duen, % 61k itzulitako dirua ondo dagoela egiaztatzen du eta % 51k garantia egiaztatzen du.
Beste aldean, ostera, erdiek baino gutxiagok aztertzen dute zein prezio dituzten hainbat dendatan (% 49); % 45k aldez aurretik pentsatzen du zenbat ordainduko duen; % 37k etiketak aztertzen ditu eta % 32k erabiltzeko argibideak irakurtzen ditu.

Gizonen kontsumo arrazionalaren indizea emakumeena baino handiagoa da (% 63 eta % 53, hurrenez hurren), eta handiagoa da adin zaharragoa dutenen artean (15 eta 19 urte bitartekoen artean % 48 baino gehiago da eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean % 66). Arabar eta bizkaitar gazteek (biek % 61 dute), gipuzkoar gazteek (% 52) baino modu arrazionalagoan kontsumitzen dute.

Kontsumo etikoa

Aukera zuzenagoak, solidarioagoak eta ekologikoagoak norberaren onuraren gainetik baloratzen direnean kontsumo etikoa egiten dela esaten da. Luxurik ezari garrantzia ematen dio, bizitzeko modu kontziente bat izango da eta, kontsumitzea baino, beste jarduera batzuk izango dute garrantzi handiagoa; gainera, benetako beharren eta ezarritako beharren arteko desberdintasuna egiten du. Produktua edo zerbitzua zein baldintza sozial edo ekologikoekin burutu duten galdetuko dio bere buruari.

Jokaera horien guztien artean, gazteen %63k bere buruari galdetzen dio erosiko duten produktua benetan behar duten ala ez (% 63). Gazte gutxiago arduratzen dira sortutako zabor edo hondakinez (% 19), erabilitako lehengaiaz (% 19), ekoizpenaren ondorioz gizarte injustiziaren bat suertatu den (% 16) edota ekoizpenak zein garraioak duen ingurumen inpaktuaz (% 14).

Sexuen arabera alde handirik egon ez arren, adinaren arabera alde nabarmenak izaten dira. Horrela, helduagoekek kontsumo etiko handiagoa egiten dute: 15 eta 19 urte bitartekoen kasuan % 11koa da eta 25 eta 29 urte bitartean % 18 da. Lurralde Historikoak kontuan izanda, Bizkaian eta Gipuzkoan Araban baino ohikoagoa da.

Kontsumo jarduerak

Aukerako kontsumoa erosteko eta saltzeko betiko kanaletatik aldentzen ari da eta gazteek nahiago dute, bai trukeak eginez, etxekoei eta lagunei utziz, bigarren eskuko produktuak erosiz edo bidezko merkataritzako produktuak erosiz, produktuak bererabiltzea. Aukera hauen guztien artean, arrakasta gehien duena etxekoen eta lagunen artean trukeak egitearena da (%42).

% 23k beste batek erabilitako arropa jaso du eta % 14k zerbait erosi du beste batekin batera. % 8k bigarren eskuko produktuak erosi ditu. % 4k bidezko merkataritzako produkturik erosi du; % 3k bigarren eskuko produkturen bat saldu du eta % 1k baino ez du parte hartu trukeak burutzeko merkatuetan.
Gipuzkoako gazteen aukerako kontsumoa (% 26) Bizkaiko gazteena (% 21) baino handiagoa da eta, azken hau, arabar gazteena baino handiagoa (% 16).

Kontsumo iraunkorra

Kontsumo iraunkorra erabili eta bota kulturatik, behin soilik erabiltzen diren produktuetatik, pakete gehiegi jartzetik, etab.etik. aldenduko da. Giltzarria da eguneroko errutinetan gutxiago kontsumitzea, ingurumena gehiago zainduko duten produktuak eta zerbitzuak eskuratzea, birziklatzea, energia aurreztea, etab.

Euskal gazteek barneratuago dituzten arau horiek: erdiak baino gehiagok bereizten du etxeko zaborra (% 76), ur kontsumoa mugatzen du (% 71), berokuntzaren eta aire girotuen kontsumoa mugatzen du (% 71), Garbiguneak erabiltzen ditu (%69), kontsumo txikiko lanparak erabiltzen ditu (% 67), oinez edo bizikletaz joaten da joan beharreko lekuetara (% 64), guztion garraio publikoa erabiltzen du edo autoa beste batzuekin batera erabiltzen du (% 64), erosketak egiteko bere poltsa edo orga eramaten du (% 63 %) eta hemengo eta denboraldiko frutak eta barazkiak erosten ditu (% 52).

Baina erosketekin lotura duten ohiturek, hala ere, gutxiagotan egiten dituzte: % 34k baino ez da saiatzen pakete gutxiko produktuak erosten; % 32k erosten ditu produktu birziklatuak; % 18k saiatuko da zenbait produktu ez erosten ingurumen arazoak direla-eta, eta % 17k erosten ditu produktu ekologikoak.

Sexua eta Lurralde Historikoa dira kontsumo iraunkorrari dagokionez alde handienak erakutsi dituzten aldagaiak. Emakume gazteek (% 47) gizonek (% 35) baino modu iraunkorragoan kontsumitzen dute, eta kontsumo iraunkorra zabalduago dago Bizkaian (% 46), Araban (% 36) eta Gipuzkoan (% 36) baino.