Pandemia amaitu denetik podcastak biltzen dituzten plataformak biderkatu egin dira eta askotariko edukiak eskuratzeko modu berri gisa kokatu dira, kultura zabaltzeko ekosistema berri bat sortuz.
Gazteek kultura kontsumitzeko duten modu berri hori gerturatzeko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak Parentesi Festibalaren lehen edizioa antolatu du Donostian. Festibala martxoaren 2an hasi eta 4an amaituko da.
Podcastingintza
Festibal berriak podcastingintza izango du ardatz eta ingurune digitaleko edukiak, kanalak, plataformak, formatuak eta transmisio moduak azalduko ditu. Jaialdiak estatuko podcasting-plataforma handietakoa den Podium plataformaren eta EiTBren laguntza izango du. Azken horrek bere plataforma jarriko duela iragarri du.
Jaialdiaren leloa ‘The world is made of stories, not atoms’ izango da. Leloa Murial Rukeyzer-en ‘The speed of darkness’ liburutik hartu da eta horren bidez jaialdiak podcastingintzari pentsamendu kritikoa sustatzeko eta baliozko kontakizunak transmititzeko duen balioa eman nahi dio.
Jaialdiak bere playlist propioa du Spotifyn eta irekia izango da festibala amaitu arte. Bertan festibalean izango diren zenbait podcastetako hainbat kapitulu entzun ahal izango dira.
Jaialdian zenbait mahai-inguru izango dira eta horietan, besteak beste, honako sortzaile hauek izango dira: Ainhoa Vitoria (Yoko Ona); Cristina Tapia (Harresi ikusezina); Iñigo Antsorregi (Korapiloak); Clara Tiscar i Castells (True Crime); Nuria Pérez (Gabinete de curiosidades); eta, Inés Hernand eta Nerea Pérez (Saldremos Mejores).
Aldi berean, jaialdian Ondas Sarietarako izendatuta diren zenbait sortzaile izango dira: Ulu Mediako Oier Aranzabal eta Arsénico Caviar-eko Beatriz Serrano eta Beatriz Serrano y Guillermo Alonso. Gainera, Ondas Saria irabazi zuen Jorge Carrión-ek ere jaialdian parte hartuko du. Saio guztiak Koldo Mitxelena Kulturunean izango dira.