Mendi Film Bizkaia Ternua Beka

Bekak 10.000 euroko diru-zuzkidura du eta aholkularitza-programa bat ere eskaintzen du egitasmoa garatu ahal izateko

Zabalik dago Mendi Film Bizkaia Ternua Bekaren laugarren ediziorako izena emateko epea. Laguntza horren xedea da Mendiko Kulturaren inguruko ikus-entzunezko ekoizpenaren arloan zuzendari gazteak laguntzea.

Mendi Filmek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ternuak antolatzen dute beka eta 10.000 euroko diru-zuzkidura eta aholkularitza-programa bat eskaintzen ditu hautatutako proiektua garatzeko. Egitasmoak aurkezteko epa datorren maiatzaren 31an amaituko da. Oinarriak eta izena emateko inprimakia jaialdiaren webgunean aurki daitezke. Beka Estatuan bizi diren 18 eta 35 urte bitarteko gazteek edo, adinez nagusi izanik, aurkeztutako proiektua lehen lana dutenek jaso dezakete. Aurkezten diren proiektuek garapen edo ekoizpen fasean egon behar dute eta ez dira onartuko amaitutako proiektuak. Beka jasotzen duen egitasmoa datorren urteko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaian estreinatuko da.

Proiektuak

Proiektuaren ideiak originala izan behar du eta alpinismoa, eskalada, eskia, beste motatako mendiko kirol jarduerak, abentura, esplorazioa, jarduera kulturalak, linguistikoak, artistikoak, ekonomikoak… bezalako gaiak jorratu beharko ditu, betiere, mendian garatzen direlarik.

Mendi Film Bizkaia-Ternua bekaren lehen deialdia 2020an egin zen. Harrezkero, bi film estreinatu dira Mendi Filmen, eta hirugarren bat ekoizpen prozesuan da. Lehen edizioan beka lortu zuen egitasmoa Tamara Lucarini euskal zuzendariaren ‘Txango’ izan zen. 2021. urteko edizioko irabazlea, berriz, Marina García Andreu zuzendari katalana izan zen ‘Lobos’ lanagatik. Iazko beka jaso zuen lana, Leire Egañaren ‘Bost bide’ lana, ekoizpen fasean da.