Euskara ikasteko laguntzak Nafarroan

Euskarabideak 300.000 euro bideratuko ditu euskara ikasi nahi duten pertsona helduei laguntzeko

Euskarabideak 300.000 euro bideratuko ditu euskara ikasi nahi duten pertsona helduei laguntzeko. Laguntzak bi motakoak izango dira. Lehenengo modalitatean, 2021eko urriaren 26tik 2022 irailaren 30era bitartean amaituta dauden ikastaroetan egindako matrikulazioak lagunduko dira. Laguntza horiek eskatzeko epea datorren abuztuaren 31an amaituko da.

Bigarren modalitateak, berriz, laguntzak eskainiko dizkie 2022ko abuztuaren 30etik abenduaren 1era bitartean hasi eta 2023ko ekainaren 30rako amaituta dauden ikastaroetan egindako matrikulazioei. Kasu horretan laguntzak eskatzeko epea urriaren 1ean hasi eta azaroaren 30era arte luzatuko da.

Deialdian diruz lagunduko dira barnetegiak, ikastaro estentsibo zein trinkoak, autoikaskuntza eta berariazko ikastaroak. Aurrez aurreko talde arruntetan eta barnetegietan, ikastaroek, gutxienez, 40 ordu iraungo dute. Baliabide telematikoen bidezko ikasketetan, berriz, gutxieneko iraupena 100 ordukoa izango da. Azkenik, berariazko ikastaroek 40 irakastordu baino gehiagoko iraupena izan beharko dute laguntza jaso ahal izateko.

Nafarroan erroldatuta dauden eta Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituzten 16 urtetik gorakoek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek. Jakina, euskara-ikastaro batean izena emanda egon behar dute, ordainketaren bat egina izan behar dute eta gutxienez eskoletako ordu kopuruaren % 80ra bertaratu direla egiaztatu beharko da.