Euskarabideak euskararen presentzia sendotuko du esparru digitalean

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bidez, Euskal Wikilarien Elkartearekin zuen lankidetza-hitzarmena berritu du, teknologia berrietan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko

Nafarroako Gobernua hizkuntzen eta teknologia berrien arloan garatzen ari den estrategiaren barruan, Euskarabideak Euskal Wikilarien Elkartearekin orain arte izan duen lankidetza hitzarmena berritu berri du. Hitzarmen horren barruan, elkarteak Nafarroari lotutako hainbat proiektu garatu ditu Wikipediaren bidez Nafarroako kultura-ondarea sustatzeko, tokiko eragile eta entitateekin lankidetzan.

Egunean milaka bisita sortzen dituen Wikipedia plataforman euskara indartzeaz gain, Nafarroako Gobernuak adimen artifizialaren, komunikabideen edo publiko gaztearekin lan egitearen arloko proiektuak eta lankidetzak bultzatzea ere badu bere helburuen artean.

Euskarazko Wikipedia, 400.000 sarrera baino gehiagorekin, hemeretzigarren aktiboena da mundu mailan

Adimen Artifizialari dagokionez, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin batera, Gaitu izeneko kanpaina jarri zuen martxan iaz. “Batu dezagun gure ahotsak” lelopean, kanpainak euskaldunak animatzen zituen beren ahotsak grabatzera eta gaitu.eus atarira igotzera teknologia berriek erabili ahal izango duten datu-bankua ahalik eta handiena izateko.

Sarean euskaraz

Euskara sustatzeko Nafarroako Gobernuaren beste zutabe bat gazteak dira. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da Euskarabideak kudeatzen duen eta aurten zazpigarren edizioa ospatuko duen “Sarean Euskaraz” proiektua. DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako proiektu honek Interneten euskararen erabilera sustatzea du helburu. Horretarako, Baluarten egiten diren jardunaldietan, aplikazioen erabilerari buruzko tailerrak (musika, argazkigintza, jokoak…) edo gaurkotasun handiko gaiei buruzko hitzaldiak eskaintzen dira, hala nola sareetako pribatutasuna edo 2.0 harremanak. 2017an abian jarri zenetik, 8.000 gaztek baino gehiagok hartu dute parte ekimen honetan.