Ez dago euskarazko ikus-entzunezko eskaintzarik gazteentzat

UEMAk egin duen ikerketa baten arabera, gazteentzako ikus-entzunezkoen eskaintzan euskara erdaratik oso urrun dago

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketa bat burutu du Mankomunitateko kide diren 94 udalerrietako 11.571 gazterekin. “Ikus-entzunezkoen kontsumoa udalerri euskaldunetan” izenburua duen txostenean bildutako emaitzak  irailaren amaieran aurkeztu dira Eusko Legebiltzarrean eta kezkarako hainbat datu utzi ditu. Izan ere, ikus-entzunezkoen kontsumoak eragin handia du gazteen hizkuntza ohituretan eta arlo horretan euskarazko eskaintza oso urria dela ondorioztatu du ikerketak.

Ikerketa LH4tik Batxilergoko bigarren maila bitarteko gazteekin egin da. Ikerketan gazte horiek guztiek telebistan, streaming plataformetan, sare sozialetan, musika plataformetan eta bideojokoetan zer kontsumitzen duten aztertu da. Eta horren inguruan ziren kezkak datuetara ekarri ditu txostenak. Izan ere, aipatu arlo horietan guztietan erdarazko kontsumoa euskarazkoa baino nabarmen handiagoa da. Euskarazko kontsumo handienak gaztetxoenen artean erregistratzen dira, baina adinean gora egin ahala, erdarazko edukien kontsumoak gero eta ohikoagoak dira.

Sare sozialak eta streaming plataformak dira kontsumorako bide nagusiak. Sei ikasletik batek ez du telebistarik ikusten.

Legebiltzarrean egindako aurkezpenean, datuak emateaz gain, UEMAko kideek aurrera begira har daitezkeen zenbait neurri ere proposatu dituzte. Telebistari dagokionez, Goazen! bezalako fikziozko eduki gehiago behar direla azpimarratu da. Plataformetan euskarazko eduki gehiago izatea lortu behar da eta dauden horiei oihartzun handiagoa eman. Sare sozialen kasuan euskarazko erreferenteen falta sumatzen da eta euskaraz aritzen diren horiek ikusgarritasun gutxi dute. Ildo berean, euskarazko edukien sortzaileak behar dira eskaintza askotarikoagoa izateko.