Finantza-sektorean euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena

Eusko Jaurlaritzaren eta Bankoa Abanca, BBVA, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxaren arteko hitzarmenaren xedea da bezeroei haiek aukeratzen duten hizkuntzan arreta emango zaiela bermatzea.

Eusko Jaurlaritzak EAEn aritzen diren sei finantza erakunderekin hitzarmen bat sinatu du finantza-sektorean euskararen erabilera sustatzeko. Hitzarmena sinatu duten sei erakundeak Bankoa Abanca, BBVA, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxa dira. Lau urtetarako sinatu den hitzarmen horren baitan, finantza-erakunde horiek bezeroei haiek aukeratzen duten hizkuntzan arreta emateko konpromisoa hartzen dute. Hortaz, hitzarmenak kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko xedea du. Aldi berean, euskara erakunde horien lan hizkuntza ere izatea bilatzen da. Gainera, finantza-erakundeek konpromisoa hartzen dute parte hartzen duten edo babesten dituzten ekintza eta egitasmoetan euskararen presentzia sustatu eta bermatzeko. 

Bost puntuko konpromisoa

Hitzarmena hainbat urtetako lankidetzaren ondorioa da eta bost konpromisotan laburtzen da: herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, euskararen aldeko ekimenak sustatu eta horietan parte-hartze aktiboa izatea, euskara normalizaziorako planak garatzea, euskararen erabileran laguntzea eta lankidetza Eusko Jaurlaritzarekin.

Hitzarmen horrekin, aipatu sei finantza-entitate horiek euskara sustatzeko konpromisoa hartzen dute beren egituraren barruan eta baita bezeroekin duten harremanetan, betiere, azken horien eskubideak bermatuz.