Gasteizko SUNCINE jaialdiaren XX. edizioa

Ingurumena ardatz duen zinemaldi honen barruan hamahiru lan ikusi ahal izango dira martxoaren 11tik 21era bitartean

Suncine, Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdia, ingurumena ardatz duten filmen jaialdirik garrantzitsuena da. Lehenengo edizioa 1993an egin zen gai eta ingurumen-arazo guztiak salatu, irakatsi eta eztabaidatzeko ikus-entzunezko gune bat sortzeko asmoz. Jaialdiaren xedea da, azken finean, ikus-entzunezko hizkuntzaren bidez, ingurumen-kontzientziaziorako eta -hezkuntzarako tresna izatea.

2003. urteaz geroztik jaialdia Gasteizen ere egiten da edizio bakoitzeko film nabarmenen erakusketa baten bidez. Urtero bezala, aurten ere erakusketak planetaren egungo egoerari hurbilketa errealista, konprometitua eta kritikoa egingo du, bai ingurumenari, bai gizarte eta ekonomiari, bai kulturari dagokienez.

XX. edizioa

Suncine erakusketaren barruan izango diren proiekzio guztiak Aldabe gizarte-etxean izango dira martxoaren 11tik 21era bitartean. Guztira, bost film luze, hiru film labur eta animaziozko bost film labur ikusi ahal izango dira bost saiotan banatuta. Ikusgai izango diren lanen artean tokiko ekoizpen-sarea eta agroekologia balioesten dituen “Zure platerean hasten da mundua” tokiko dokumentala dago.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, aurtengo edizioan erakusketak “zaindari izan gaitezkeen edertasun natural liluragarria hurbiltzen digu, eta egungo krisi ekosoziala egituratzen duten askotariko gaiei buruz gogoeta eginaraziko digu: elikagaien gaia eta ikuspegi agroekologikoa, gure baso eta itsasoen egoera, baliabideak bereizi gabe ateratzeak bizitzan eta gizartean duen eragina, hainbat herrik naturarekin duten harremana, ekosistemen degradazioa…”.

Programazioa

Erakusketari hasiera emango dion lana, martxoaren 11an, Juan Fernándezen ‘Voices in the water’ dokumentala izango da. Jarraian, bertaratutakoek Richard Zubelzuren ‘La batalla del viento’ filma ikusi ahal izango dute.

Bigarren saioa martxoaren 13an izango da. Egun horretan Egoi Susoren ‘Amalur’ dokumentala eta ‘Urak Iawoi, Hermanos del Mar’ filma ikusi ahal izango dira.

Martxoaren 14an, Ion Fontenla eta Amaia Aierberen ‘Zure platerean hasten da mundua’ izango da ikusgai eta, ondoren, mahai ingur bat izango da Euskal Herriko Hazien Sarea etaBionekazaritzako laborari batekin.

Martxoaren 18an, An Tran zuzendariaren ‘For tomorrow’ filma eta Oriane Descout-en ‘Terra de mulheres’ film laburra ikusi ahal izango dira. Aurtengo edizioaren azken saioa martxoaren 21ean izango da eta zazpi film labur ikusi ahal izango dira: ‘The sorrow of the forest’, ‘How blue is your ocean’, ‘Què li passa al cel?’, ‘Stray flowers’, ‘El hombre que arregaba las cosas’, ‘Sombre’ eta ‘The last tree‘.