Gazte Artek artista gazteren lau lan saritu ditu

14 eta 25 urte bitarteko gazteentzako arte sorkuntzako lehiaketak 24 artelan jaso ditu guztira

Gasteizko eta Arabako 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako Gazte Arte lehiaketaren laugarren edizioak Izaro Pardo (16 urte), Laura Ortiz (18 urte), Ani Chkhartishvili (22 urte), Oihane Gil (24 urte), Leire Zabaleta (24 urte) eta Jone Irazu (23 urte) saritu ditu. Aurten, ekitaldia bere aniztasun eta kalitate artistikoagatik nabarmendu da, 20 urtetik beherako parte-hartzaileen % 66rekin.

Guztira 24 artelan lehiatu dira lehiaketan, eta epaimahaiak, Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuko eta Kultura Saileko adituek, Gazteriaren Foru Erakundeko ordezkariek eta artista gazteek osatutakoak, lau lan aukeratu ditu bi kategoriatan.

14 eta 19 urte bitartekoen kategorian, Izaro Pardoren ‘Trascendence’ (pintura) eta Laura Ortizen ‘Irresistible lineal’ (ehun-artea) nabarmendu dira. 20-25 urtekoen kategorian, berriz, Ani Chkhartishviliren ‘Pliegues’ (argazkilaritza esperimentala) eta Oihane Gil, Leire Zabaleta eta Jone Irazuren ‘Congelando la memoria’ (instalazioa) izan dira sarituak.

Irabazleak

Irabazleek Irantzu Lekue, Dani Urraca, Adriana Fariñas eta Alba Tojo artisten tutoretzapeko sormen prozesuan parte hartzeko aukera izango dute. Azken biak 2019ko Gazte Arte edizioan irabazle izan ziren, eta ondoko tutore eta komisario lanak egingo dituzte.

Gainera, lau obra irabazleak jendeari irekitako tailer batean birsortuko dira, Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian, 2024ko urtarrilaren 2tik 7ra programatua. Ondoren, lanak LABE Gazte Laborategian egongo dira ikusgai, otsailaren 2tik martxoaren 3ra bitartean.

Saridun bakoitzak 300 euroko saria jasoko du eskudirutan, erakusketa kolektibo baten parte izateko aukeraz gain, eta bere lanak eta ibilbide artistikoa dokumentatzen dituen katalogo bat argitaratuko du.