Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) 17 eta 24 urte bitarteko 341 ikaslerekin egin den azterlan baten arabera, offline eta online indarkeriaren prebalentzia altua da bikote-harremanetan. Ikerketa PSIDES ikerketa-taldeko Joana Jauregizarrek zuzendu du eta emaitza kezkagarriak utzi ditu. Bildutako datuen arabera, aurrez aurreko erlazioetan, gazteen % 80,4k aitortu du bikotekidearen kontrako jokabide biolentoak eduki dituela. Kopuru hori nabarmen jaisten da sare sozialen bidez egindako indarkeriaren kasuan: inkestatutako gazteen % 55 izan da erasotzaile. Antzeko joera ikus daiteke biktimen ikuspuntua aztertuta. Kasu horretan, gazte gehienek erantzun dute indarkeria gehiago jasan dutela aurrez aurre (% 73,3) online baino (% 51,6).
Online eta offline indarkeria
Ikerketan ondorioztatu ahal izan denez, online eta offline indarkeriak antzekoak izan arren, ezaugarri ezberdinak dituzte. Galdetegien bidez jasotako erantzunetan ikusi ahal izan dutenez, sareetan eta bizitza errealean diren jokabideak ezberdinak dira. Adibidez, aurrez aurreko harremanetan ahozko erasoak eta emozionalak (irainak, umiliazioak, jeloskor jartzeko moduak bilatzea…) nagusitzen dira. Sarean, berriz, kontrola da indarkeria-eredu nagusia. Kontrol horren barruan, honako jokabide hauek sarritan eman ohi dira: bikotekideari geolokalizazioa eskatzea lagunekin dagoenean, sakelako telefonoan jasotako beste pertsonen mezuak irakurtzea eskatzea edo bidalitako mezuetara erantzuten ez denean azalpenak eskatzea.
Jauregizarrek azaldu duenez, hainbat kasutan gazteek ez dituzte horrelako jokabideak indarkeriatzat hartzen, hots, ez dute uste kontrola biolentzia denik.
UPV/EHUko PSIDES ikerketa-taldeak burutu duen ikerketan parte hartu duten 17-24 urte bitarteko gazte gehienek aitortu dute inoiz erasotzaile edota biktima izan direla
Kasu askotan, gazteek fisikoki egiten den indarkeria baino ez dute biolentziatzat hartzen. Azterlan honetan jasotako datuen arabera, biolentzia fisikoa ez da kontrola bezain ohikoa, baina kopuru esanguratsuan azaldu da. Izan ere, ikerketan parte hartu duten gazteen % 11k aitortu du inoiz erabili duela.
Profil psikologikoak
Azterlanaren beste zutabe bat indarkeria erabili edo sufritzen duten gazteen profil psikologikoa izan da. Kasu horretan, online eta offline indarkeriak alderatuta, biktimen roletan alde nabarmenak daudela ikusi da. Horrela, aurrez aurreko biolentzia jasan dutenen kasuan, autoestimu baxua ezaugarri esanguratsua dela ikusi den bitartean, indarkeria birtuala sufritu dutenen kasuan, aldagai hori ez da hain nabarmena. Horren atzean izan daitekeen arrazoietako bat aurrez aurreko biolentziaren izaera gogorragoa da. Ostera, online indarkeriaren biktimek zailtasun handiagoak erakutsi dituzte erregulazio emozionalari dagokionez. Jauregizarrek berak azaldu duenez, horrelako indarkeria pairatu duten gazteek offline biolentzia jasan dutenek baino gaitasun gutxiago omen daukate egoera emozional negatiboak eteteko eta positiboak luzatzeko. Azken finean, online indarkeria nonahi eta noiznahi gerta daiteke eta, ondorioz, zailagoa da hori gelditzea.