Gazte Sortzaileak bekarako proposamenak aurkezteko epea zabalik 

Deialdia 16 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie. Hautagaitzak aurkezteko epea datorren uztailaren 14ra arte izango da zabalik.

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak aurten ere antolatu dute euskarazko sormen gaztea ardatz duen “Gazte Sortzaileak” beka. Deialdia 16 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie.  

Beka honen helburua euskarazko sorkuntza sustatzea da eta, horri esker, azken hamarkadan 30 pertsona inguruk kultur proposamen ezberdinak garatu ahal izan dituzte. 

Beka bi kategoriatan banatuta dago parte-hartzaileen adinaren arabera. Lehenengo kategoria 16-24 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta bigarrena, berriz, 24-35 urte bitartekoei. Proposamenak bakarka edo taldeka aurkeztu ahal izango dira.

Beka lortzen duten gazteei 4.000 euroko laguntza ekonomikoa eta profesionalen aholkularitza eskainiko zaie beren sormen lana garatu ahal izateko. Oro har, proiektuak 6 hilabeteko epean estreinatzen dira. 

Hautagaitzak aurkezteko epea datorren uztailaren 14ra arte izango da zabalik. Proposamenak udal-erregistroan, gizarte-etxeetan edo Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoan erregistratu behar dira. Oinarriak esteka honetan ikus daitezke.

Pasa den urteko deialdian beka lortu zuten proposamenak honako hauek izan ziren: 

Amaia Bono, “Belarriprest. Nire lehen sortzelan euskaraz”. Antzerkia?, poesia eta performancea. 

Sara Berasaluce eta Yone Estivariz, “Ohiko Lekuak”. Argazkilaritza. 

•  Irati Antia, “Azukre beltza”. Murgiltze-esperientzia digitala.