Irakurketa denbora: 2 Minutu
Iruñeko Udaleko Gaztediaren Etxeko aholkularitza juridikoaren programak beste urte arrakastatsu bat gehitu du bere ibilbidean. Nafarroako bi unibertsitateetako ikasleek gauzatutako praktika-programaren bitartez, 1.479 kontsulta artatu ziren 2024. urtean, inoiz baino arlo gehiagotan eta doako zerbitzua eskainiz gazte iruindarrei.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbide graduetako eta NUPeko Abokatutzarako eta Prokuradoretzarako sarbidean Unibertsitate Masterreko hamabi emakume eta bi mutil gaztek praktikak burutu dituzte urritik apirilera Iruñeko Gaztediaren Etxean. Aholkulari gazte bakoitzak, batez beste, 34 kontsulta artatu ditu.
Programak 1992an eman zituen lehen urratsak eta gaur egun hiru aholkularitza zerbitzu eskaintzen ditu:
- Aholkularitza juridiko orokorra
- Elkartegintzarako aholkularitza
- Ekintzailetzarako aholkularitza
Praktika hauek Iruñeko Udalaren, Nafarroako bi unibertsitateen eta Iruñeko Abokatuen Elkargoaren arteko lankidetza-hitzarmenen emaitza dira.
Diploma banaketa
Gaztediaren Etxeko aholkularitza-programan parte hartu duten gazteek beren lana aitortzen duten diploma bana jaso dute. Programa osatu duten gazteak dira: Lucía Balanzategui; Yelyzaveta Batishcheva; Anica María Cimera; Carmen Díaz; Sara Escribano; Sofía García; Daniela Giraldo; Mª José Guillén; Ana Paula León; Andrés Alejandro Masaya; Sabrina Meghari del Río; Leonardo Paz; Jaione Pérez eta Lidia Urtasun.
Diplomen banaketa ekitaldian erakunde kolaboratzaile guztietako ordezkariak izan dira: Mikel Armendáriz (Gazteriako zinegotzi delegatua), Beatriz Rodríguez (NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa), Fidel Alonso-Allende (Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Negozio Garapeneko zuzendaria), Fernando Azagra (NUPeko Abokatutza Masterreko praktiken arduraduna), Celso Galar (Iruñeko Abokatuen Elkargoko diruzaina) eta Jesús María Bayo (Iruñeko Abokatuen Elkargoko diputatua).
Aholkularitza zerbitzua
Zerbitzuak doako orientazioa eskaintzen die gazteei zuzenbidearekin lotutako gaietan, eta aldi berean, praktikak egiten dituzten ikasleei beren prestakuntza akademikoa osatzeko eta zuzenbidearen esparru publiko-pribatuan lan egiteko moduarekin harremanetan jartzeko aukera ematen die. Aurten nobedade gisa, hilero ‘Ostegunero informatzen naiz’ izeneko podcast bat argitaratzen hasi dira gai juridiko, laboral eta administratiboei buruz.
Aholkularitza hauek aurretiko hitzorduarekin funtzionatzen dute. Gazteek kontsulta bat egin nahi dutenean, Gaztediaren Etxean aurrez aurre aurkeztu, 948 233512 telefonora deitu edo posta elektroniko bat bidali dezakete.
2024an jasotako 1.479 kontsultetatik, % 58,4 Aholkularitza Juridiko orokorrera bideratu ziren, % 31,3 Elkartegintzarako Aholkularitzara eta % 9,9 Ekintzailetzarako Aholkularitzara. Oro har, kontsulta egin duten gazteen artean ez da alde handirik izan generoari dagokionez. Adinari dagokionez, berriz, erabiltzaileak 20 eta 30 urte arteko gazteak izan ohi dira. Etxebizitza eta enplegua izan dira kontsulta gehien eragin dituzten gaiak, eta Aholkularitza Juridikoan jasotako 868 kontsultatik 574 arlo zibilari eta laboralari buruzkoak izan dira (% 65).








