Irakurketa denbora: 2 Minutu
Ekainaren 1era bitartean Amaia Gracia Azqueta artista nafarraren azken lanak ikusgai egongo dira Bilboko Udalaren Ekoizpen Artistikorako Zentroan. Eskultura garaikidea eta material plastikoen azterketatik abiatutako erakusketa honek denboraren kontzeptua eta materialaren iraunkortasuna arakatzen ditu.
Bilboko Udalaren menpeko BilbaoArte zentroak Amaia Gracia Azquetaren “Una ocupación expansiva” izenburuko erakusketa inauguratu du. Artista nafarrak 2023-24 ikasturtean BilbaoArten izan zuen egonaldian garatutako proiektua aurkezten du, Otxarkoagako Opengela estudioetan gerora izandako egonaldiaren fruituarekin batera.
Plastikotasuna
URIBITARTE40 aretoan kokatutako erakusketa hau artistaren ikerketa-ildoaren emaitza da, non eskultura klasikoaren, barrokoaren eta errenazimentuaren proposamenetatik abiatuta, materialen plastikotasuna aztertzen duen. Espazioarekin elkarrizketan jarritako instalazio multzo bat osatzen dute lanek, artistak landu dituen denbora, denborazkotasuna eta erresistentzia kontzeptuen inguruan hausnartuz.
Erakusketa honetan Gracia Azquetak “Manto Flotante” (2023/24) proiektuari jarraipena ematen dio, eskultura klasiko, errenazentista eta barrokoaren mantu eta ehunen tolesturei erreferentzia eginez. Artistak nostalgia abiapuntutzat hartzen du eta japoniar kulturako “Nagori” kontzeptutik inspiratuta — mareak hondartzan utzitako aztarnak — denbora eta denborazkotasuna bezalako kontzeptu abstraktuak lantzen ditu zentzumenen eta afektuen bitartez.
Gizarte garaikidearen egiturarik eza eta plastikoa material likido gisa erabiltzen du sinbolikoki, Zygmunt Bauman filosofo eta soziologoaren “modernitate likidoa” kontzeptuarekin lotura zuzena eginez. Horrela, gizakiaren izaera iragankor eta hilkorra islatzen du, baina baita artearen prozesu etengabearen izaera ere.
Erakusketak formatu eta tamaina ezberdinetako lanak uztartzen ditu: mugikorrarekin ateratako argazki txikietatik hasita, Miriam Ocáriz diseinatzailearekiko lankidetzan sortutako instalazio handietaraino. Azken horietan, arte garaikidea eta moda uztartu ditu artistak, eskultura klasikoaren jantzien ezaugarri plastikoak sakonago aztertuz. Gainera, beste pieza esperimental batzuk ere aurki daitezke, polibinil azetatoa, beira-zuntzak eta burdin egiturak erabiliz.
Erakusketarekin batera, hainbat jarduera osagarri programatu dira: bisita gidatuak euskaraz eta gaztelaniaz (apirilaren 30ean eta maiatzaren 14an), Miriam Ocárizekin solasaldia (maiatzaren 8an) eta erakusketaren liburuaren aurkezpena (maiatzaren 22an), Juan Pablo Huércanos Oteiza Museoko zuzendariordeak idatzitako testuarekin. Erakusketa eta jarduera guztietara sarrera librea eta doakoa da.








