EPIC-IDEA Europako proiektuko gazteek beren proposamenak aurkeztu dizkiote Bilboko Udalari

EPIC-IDEA Europako proiektuko hamar bat gaztek beren proposamenak helarazi dizkiete Giza Eskubideen zinegotziari eta udaleko langile teknikoei. Beren ekarpenak politika publikoetarako gomendioen Europako txosten batean txertatuko dira

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Bilbao.eus
Hitz kopurua:  255
Irakurketa denbora:  Minutu bat

EPIC-IDEA Europako proiektuko hamar bat gaztek Bilbon gazteen parte-hartzea indartzeko proposamenak aurkeztu zituzten irailaren amaieran. Giza Eskubideen, Bizikidetzaren, Lankidetzaren eta Kulturartekotasunaren zinegotzi Iñigo Zubizarretaren, arloko zuzendari Monika Hernandoren eta Udaleko langile teknikoen aurrean egin zuten.

Bilboko Udalak 2024tik parte hartzen du EPIC-IDEA egitasmoan, gazteei eta gazteriaren arloko profesionalei zuzendutako ekimenean. Gazteak beren komunitateetan eta politika publikoak prestatzen inplikatzea du helburu. Espainiako Estatuan Castelló de la Planak, Fuenlabradak eta Tenerifek ere parte hartzen dute.

Arrazismoaren aurkako tailerrak eta zurrumurruen aurkako goi-bilerak

Immigrazio Kontseiluko Gazteen taldeak hiru tailer antolatu zituen NOVISI Elkarteko, PISECO Otxarkoagako eta Otxarkoaga Prestakuntza Zentroko gazteekin, Arrazismoaren kontrako Ahalduntze Eskolaren barruan. Beste tailer artistiko bat taldearen hausnarketekin guztien artean sortutako ontzi sinboliko batekin amaitu zen.

Proiektuko gazteek zurrumurruen aurkako goi-bileretan ere parte hartu zuten Castelló de la Planan, Tenerifen eta Budapesten. Bertan, desinformazioari aurre egiteko eta bizikidetza hobetzeko tresnak partekatu zituzten.

Informazio eskuragarria eta benetako parte-hartzea

Topaketan, gazteek egitasmoaren eta Zurrumurruen aurkako IX. Gazte Goi-bileraren emaitzak aurkeztu zituzten.

Udal-baliabideak ikastetxeetara eta gazte-guneetara hurbiltzea eta erabaki-guneetan beren presentzia erraztea eskatu dute. Zurrumurruen Aurkako Gazte Programa bat planteatu dute diskriminazioa prebenitzeko. Horrekin batera, alfabetatze mediatiko eta digital handiagoa ere eskatu dute Interneteko gorrotoari aurre egiteko.

Gazteek Kulturarteko Gazte Kontseilu bat sortzea proposatu dute, udal-ekimenak diseinatzen eta ebaluatzen parte har dezan

Gazteek Kulturarteko Gazte Kontseilu bat sortzea proposatu dute, udal-ekimenak diseinatzen eta ebaluatzen parte har dezan.

Ondorioak Gomendio Politikoen Txostenean jasoko dira. Txosten hori Estrasburgon azaroaren 10ean eta 11n arduradun politikoekin egingo den Nazioarteko Gazte goi-bileraren ondoren prestatuko da. Helburua da gazteek politika publikoen diseinuan parte hartzea.