‘Genero Berdintasuna’ zikloak gizartearentzat garrantzitsuak diren gaiak jorratuko ditu

Zikloak proposamen berriak eskainiko ditu martxotik ekainera, besteak beste, bakardadea, elikadura nahasmenduak eta osasun mentala landuz

 Irakurketa denbora: 2 minutu

Vital Fundazioak ‘Genero Berdintasuna’ zikloaren III. edizioa aurkeztu du, gizartearen aurrerapenerako garrantzi handiko gaiei buruz hausnartzeko hainbat proposamen berrirekin. Martxoaren 6tik ekainaren 12ra bitartean, zikloak hainbat gai jorratuko ditu askotariko formatuen bidez: bakarrizketak, kontzertuak, antzerkia eta hitzaldiak.

Egitaraua martxoaren 6an hasiko da Malkoa Teatroren ‘Putos 30’ bakarrizketarekin. María Simón aktoreak, Gerard Clúa-ren zuzendaritzapean, 30 urte betetzeak eta ezkongabe egoteak gizartean sortzen duen presioa aztertuko du umore-tonuan. “30 urtera iristea atzera begiratzeko etapa bat da, ondo egin diren gauzei edo egin ez diren gauzei buruz pentsatzeko,” azaltzen dute antolatzaileek. Bakarrizketa honetan, ikusleak Simónekin batera biziko ditu 29 urtetatik 30era igarotzean sortzen diren zalantza, poz eta tristura guztiak.

Martxoaren 20 eta 21ean, Alma Garcíak ‘Contra Ana’ antzezlana aurkeztuko du, ACABE Araba elkartearen eskutik. Auto-fikzio honek anorexia erretratatzen du egilearen benetako esperientziatik abiatuta. Obrak klinika batean igaro zuen urtean jartzen du arreta berezia, eta identitateari buruz eta kontzeptu horrek beretzat izan duen esanahiari buruz hausnartzen du. Antzezlanak elikadura-nahasmenduaren garapenean (edo mantentzean) gizarteak duen erantzukizuna aztertzen du.

Jarduera gehiago

Apirila musikarekin hasiko da. Hilaren 10ean, ‘Jhana Beat eta La Otra’ taldeak bidaia soinuduna eskainiko dute, akustikoa eta digitala, intimoa eta kolektiboa, lasaia eta dibertigarria uztartuz. Isabel Casanova, ‘La Otra’ izenarekin ezaguna, abeslari, musikari eta konpositorea da eta bere abestiek aldarrikapen feminista dute ardatz. Jhana Beat, berriz, beatbox-ean espezializatutako abeslari eta konpositorea da, loop station-arekin musika elektronikoko abestiak sortzeko gai dena.



Apirilaren 24 eta 25ean antzerkia itzuliko da ‘Ya me has tocado el cuento’ lanarekin. Joan den urtean, ‘No me toques el cuento’ antzezlanak Disney printzesek “zoriontsuki bizi izan ziren” ondoren izan zuten bizimoduari buruz hausnarrarazi zuen. Oraingoan, printzipe urdinak konturatzen dira beren printzesak joan egin direla. Komedia freskoa eta bihurria da, non gizonak beren bizitza zoriontsua berreskuratzeko etsipenean ikusiko ditugun. Bidaia honetan, ezagutzen ez zuten zerbait aurkituko dute: maskulinitate osasuntsuagoa.

Zikloaren lehen fasea ekainaren 12an amaituko da Anna Freixas-en hitzaldiarekin, adinagatiko diskriminazioari buruz. “Adinkeriaren aurka, hausnarketa eta ahalduntzea” izenburupean, psikologian doktorea, idazlea eta ikertzaile feminista denak hausnarketa egingo du emakumeen gorputzei eta zahartzaroari buruz, eta adina eta haren zantzuak nola eraman jakiteari buruz.

Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea 5, Dendarabako 1. solairua) izango dira hitzordu guztiak, eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daude www.fundacionvital.eus webgunean (apirilean programatutako antzezlanerako izan ezik, hilabete horretako 7an jarriko dira salgai). Antzezlanen sarrerak 10 eurotan, kontzertuarenak 7 eurotan eta bakarrizketarenak 5 eurotan eskuratu daitezke. Anna Freixasen hitzaldirako, berriz, sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Advertisements