Gipuzkoako gazteen % 88k uste du osasun mentalaz hitz egitea tabua dela oraindik. Eta % 27k dio ez duela norengana jo emozionalki gaizki sentitzen denean. GazteAkt Gipuzkoako Foru Aldundiaren gazteen partaidetzarako ekimenaren esparruan egindako inkesta baten datu deigarrienetako bi dira, lurraldeko 2.000 gazte baino gehiagoren parte-hartzearekin.
Inkestatuen ongizate emozionala erdibideko mailetan mugitzen da: % 63 balio positiboetan kokatzen da —”ondo” edo “oso ondo”—, eta % 25, berriz, 5eko mailatik behera dago eskalan. Puntuaziorik ohikoenak 6 eta 7 dira, egoera onargarrian baina gorabeherekin.
Antsietatea, estresa eta neke emozionala
Gazteek egunerokoan gehien sentitzen dituzten emozioek higadura emozional zabala erakusten dute. % 60k dio maiz sentitzen duela neke emozionala, % 58k antsietatea eta % 52k estresa. Datu horiek kontraste handia egiten dute emozio positiboekin: % 26k baino ez du alaitasuna aipatzen ohiko emozio gisa, eta % 9k soilik lasaitasuna.
% 88. Osasun mentala gai tabutzat jotzen du
Presio-iturriei dagokienez, lan-etorkizuna da zerrendaburua: gazteen % 45ek adierazi dute hori dela exijentzia-eremu nagusia. Ondoren datoz ikasketak (% 24) eta eguneroko bizitzako beste alderdi batzuk (% 24). % 20k sare sozialetako konparazioa faktore garrantzitsutzat jotzen du, eta % 18k bere bizitzako esparru guztietan presioa sentitzen duela dio.
Isolamendua eta laguntza-sarerik eza
Gizarte-laguntzari buruzko datuak bereziki esanguratsuak dira. Gazteek gaizki sentitzen direnean, lagunak (% 31) eta familia (% 25) dira gehien jotzen dituzten erreferenteak. Hala ere, lautik batek —% 27k— dio ez duela inorengana jotzeko aukerarik une horietan. Gainera, % 31 ez da bere inguruko talde, sare edo komunitateetako kide sentitzen.
Inkesta eta proiektuen programa
Inkesta GazteAkt ekimenaren azken prozesu tematikoaren barruan kokatzen da. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2025eko urrian abiarazi zuen ekimena, eta orain arte 5.000 gazte baino gehiago inplikatu ditu. Komunitate digitala eta aurrez aurreko topaketak uztartzen ditu, eta 17 gaztez osatutako foro bat du, jasotako ideiak proposamen zehatz bihurtzeko.
% 27. Ez du norengana jo gaizki sentitzen denean
Emaitzen ondorioz, Foru Aldundiak Gipuzkoa Taldean programaren 2026ko deialdia onartu du, 300.000 euroko zuzkidura duena 2026 eta 2027 artean, prebentzioaren ikuspegitik gazteen ongizate emozionaleko proiektuak finantzatzeko. Ekimenak, batez ere, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzendu behar zaizkie.







