Gipuzkoako kooperante gazteentzako bekak

Gipuzkoako Foru Aldundiak 20.000 euro bideratuko ditu gazteek GKEek garatutako proiektuetan parte hartzeko aukera izan dezaten.

Gobernuz Kanpoko Erakunderen batekin batera joan eta boluntario lanak egin nahi dituzten 18 eta 30 urte bitarteko gazte gipuzkoarrek Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak, aurten ere, abian jarritako beken deialdian parte har dezakete. Eskaerak egiteko epea maiatzaren 29an amaituko da.

Kooperante bakoitzak, gehienez, 2.000 euroko laguntza jaso ahal izango du, 3 hilabeteko iraupena duten proiektuetarako. Guztira, Aldundiak 20.000 euro bideratuko ditu beka deialdi honetarako.

Elkartasuna

Beken helburua da Gipuzkoan bizi diren eta lankidetzan interesa duten gazteek balio solidarioetan heztea, zuzenean hainbat errealitate ezagutzeko aukera eskainiz. Izan ere, beste testuinguru kultural, sozial eta ekonomikoetan lehen pertsonan bizitako esperientziei esker, parte-hartzaileek balio solidarioak sendotu eta gara ditzakete.

Dirulaguntza horien bidez, beka jasotzen duten gazteek honako gastu hauei aurre egin ahal izango diete: Gipuzkoatik azken helmugara eta itzulerara arteko joan-etorrien gastuak, bisen gastuak, gaixotasun- eta istripu-aseguruen polizaren gastuak eta komunikazio-gastuak, 150 euro gehienez.

Deialdian parte hartu ahal izango dute Gipuzkoako udalerriren batean erroldatuta 18 eta 30 urte bitarteko gazteek. Izena emateko epea maiatzaren 29an amaituko da. Inprimakia osatu eta egoitza elektronikoaren bidez aurkeztea hobetsiko da.