Egilea: Jose Poza
Argazkia: bizkaia.eus
Bideoa: bizkaia.eus
Hitz kopurua: 403
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Bizkaiko Foru Aldundiak iraila eta datorren urteko ekaina bitartean izango den MusEkintza jaialdiaren bosgarren edizioa aurkeztu du. Egitarauak antzerkia, dantza, musika, umorea, magia eta zirkua diziplinetako doako hamabi ikuskizun biltzen ditu. Ekimen honen xedea da arte eszenikoak ondare-gune berezietara eramatea, hala nola Santimamiñe kobazuloa, Muñatones gaztelua edo Bizkaiko hainbat museo. Programaren barruan programatutako jarduera guztietarako ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea www.musekintza.eus webgunean.
MusEkintza
Programak programazio artistikoa eta Bizkaiko kultura-ondarea balioestea uztartzen ditu. Hamabi ikuskizunak Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen espazioetan izango dira: Santimamiñe Kortezubin, Bermeoko Arrantzaleen museoa, Bakioko txakolinaren museoa, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa, Muskizen den Muñatones Gaztelua, El Pobal burdinola Muskizen eta Bilboko Arkeologia museoa.
Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Leixuri Arrizabalagak azaldu duenez, egitasmo hau “aukera paregabea da gure kultura-ondarea beste ikuspegi batetik ezagutzeko, mota guztietako publikoaren eskura egongo diren esperientzia artistiko berritzaile eta emozionalen bidez”.
Hasiera Santimamiñen
Edizio berriaren barruan programatutako lehenengo jarduera Santimamiñen izango da irailaren 20an. Bertan, Hortzmuga Teatroa konpainiak “Gozamenen Lorategia” lana eskainiko du, El Boscoren obran inspiratutako gaueko instalazio murgiltzailea.
Astebete beranduago, irailaren 27an, Julen Axpe komikoak “Furgonologoa” izeneko umore-ikuskizuna eskainiko du Gernika-Lumoko Europako Herrien parkean.
Urrian ikuskizun bakarra izango da. Zehazki, urriaren 4an, Billie Holidayri buruzko musika-narrazioa eskainiko da Bermeoko Arrantzaleen Museoan.
Hurrengo ikuskizuna azaroaren 15ean izango da, Bakioko Txakolinaren museoan. Bertan, Adriana Bilbaok “Maitasunak” izenburuko dantzatutako poema eta abestien ‘suitea’ eskainiko du.
Egitarauak jarraipena izango du urtarrilaren 24an Gernika-Lumoko Euskal Herria museoak hartuko duen Aralar Quartet hari-laukotearen emanaldiarekin.
MusEkintzak haurrentzako antzerkiaren aldeko apustua ere egingo du, “Urargi” antzezlan sentsorialaren bidez. Hitzordua, kasu horretan, otsailaren 7an izango da, Bakioko Txakolinaren museoan.
Magia, bertsolaritza eta misterioa
Aurkeztu berri den edizioaren azken hilabeteetan proposamenak askotarikoak izango dira. Adibidez, martxoaren 28an, Muskizeko El Pobal burninolak Jon Zabal, Lur Aranburu, Gonzalo Albiñata eta Imanol Ituiñoren magia ikuskizuna hartuko du.
Apirilaren 18an, Balmasedako Encartada Fabrika-Museoak “¿Verdad o mentira?” izenburuko obra interaktiboa hartuko du.
Maiatzean bi izango dira programatutako ikuskizunak. Lehena, maiatzaren 9an, Muñatones gazteluan izango den “Ez da kasualitatea” bertso-saio feminista izango da. Maiatzaren 23an, berriz, Bermeoko Arrantzaleen museoak “Ai Gure Juaneteak!” ikuskizuna hartuko du, Mikel Laboaren abestiei omenaldi eszenikoa.
Egitaraua Bilboko Arkeologia museoak hartuko dituen bi ikuskizunekin amaituko da. Ekainaren 6an, Garazi Etxaburuk eta Osa+Mujika konpainiak dantza garaikideko emanaldia eskainiko dute. Eta programazioa ekainaren 20an amaituko da Mikel Santiagok sortutako “Whodunnit?” izenburuko misterio-ikuskizunarekin. Bertan, publikoak krimen bat ebatzi beharko du esperientzia interaktibo batean.









