Euskaltegietan izena emateko epea jada zabalik da. Helduen euskalduntzea sustatzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak “Eman like euskarari” izeneko kanpaina jarri du abian Nafarroako helduak euskara ikastera edo euren euskalduntze prozesuarekin jarraitzera animatzeko. Guztira 40.000 euro bideratu dira aipatu kanpaina garatzeko. Kanpainaren aurkezpen ekitaldian Euskarabideako zuzendari Mikel Arregik aipatu duenez, “Nafarroako gizarteak onartua du gure hizkuntza, euskara, ezagutzeko eskubidea, eta Euskarabidearen konpromisoa testuinguru horretan biltzen da, gure erkidego guztian eskubide hori bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuz: eskaintza publikoaren gehitzea, gizarte ekimeneko euskaltegien ekimen goraipagarria lagunduz eta euskara ikasi nahi dutenei laguntza ekonomikoak eskainiz”.
Izan ere, ikasturte honetan, Nafarroako Gobernuak ere diruz lagunduko ditu euren burua euskalduntzen saiatzen diren horiei guztiei. Laguntza horiek orain arte tokiko erakundeek eman izan dituzten laguntzei gehituko zaizkie.
Nafarroan helduen euskalduntzean lan egiten duten 35 ikaskuntza zentro daude, zentro publikoak (Hizkuntza Eskola Ofiziala -Iruñea, Tutera eta urrutiko ikaskuntza- Zubiarte euskaltegia eta Euskarabidea) eta baita gizarte ekimeneko euskaltegiak (AEK, IKA eta Bai&By) ere. Pasa den ikasturtean, 5.931 pertsonak eman zuten izena Nafarroako euskaltegietan.
Kanpainak www.euskaraikasi.nafarroa.eus webgunean ikus daitezkeen bideo nagusia eta hiru gehigarri ditu. Webgunean gainera euskara ikasteko dauden zentroen eskaintza jasotzen da.