Instagram adina egiaztatzen hasi da

Instagramek eduki desegokia duten eta helduen mezuak jasotzen dituzten adingabeak babestu omen nahi ditu segurtasun-neurri honekin.

12 urteko atzerapenarekin, Instagram kontua sortzen duten edo helduentzako edukia atzitzen duten erabiltzaileen benetako adina egiaztatzen hasiko da. Azaroaren 14tik aurrera, Instagramek adina egiaztatuko du bideoselfie edo NAN bidez. Gogoratu behar da sare sozial hori erabiltzeko eskatzen den gutxieneko adina 13 urtekoa dela. Horrez gain, adin nagusikoa izan behar da (18 eta 21 urte bitartekoak, herrialdearen arabera) helduentzako zenbait eduki ikusi ahal izateko. Instagramek eduki desegokia duten eta helduen mezuak jasotzen dituzten adingabeak babestu nahi ditu segurtasun-neurri honekin. Hala ere, sistemak zalantzak pizten ditu, zure NANa edo bideoselfie bat Metaren zerbitzarietara bidali behar duzulako.

Egiaztatzeko aukerak

Orain arte erabiltzaile batek nahikoa zuen “hitzeman” laukitxoa markatzea 13 edo 18 urte baino gehiago dituela ziurtatzeko. Baina hemendik aurrera erabiltzaileek beren adina frogatu beharko dute. Horretarako aplikazioak hiru modu desberdin eskainiko ditu: NANaren bidez, bideoselfie baten bidez edo babes sozialaren bidez.

Nortasun-agiriaren bidezko egiaztapena da errazena, zure NANari edo gidabaimenari argazkia ateratzea nahikoa baita. Metak argazki hori 30 egunez bakarrik gordeko duela azaldu du.

Bideoselfiaren kasuan, kontu berri bat zabaldu nahi duen horrek bere aurpegia azaltzen duen bideo bat grabatu beharko du. Instagramek bideo hori adimen artifiziala erabiltzen duen Yoti aplikazioaren bidez aztertuko du erabiltzailearen adina zehazteko.

Azkenik, babes sozialaren aukera dago. Kasu horretan, adin nagusikoak diren hiru erabiltzailek baieztatu beharko dute adierazitako adina benetakoa dela. Erabiltzaile horiek ezin izango dute beste erabiltzaileei babesik eman eta zenbait baldintza bete behar izango dituzte, baina Instagramek oraindik ez ditu horien berri eman.