Moda modan da Bilbon

Azaroaren 17tik 27ra Euskadiko sormen- eta diseinu-industrien sektoreko ekitaldirik handiena den Bilbao Bizkaia Design Week ekitaldia ospatuko da.

Azaroaren 17tik 27ra Euskadiko sormen- eta diseinu-industrien sektoreko ekitaldirik handiena den Bilbao Bizkaia Design Week (BBDW2022) ekitaldia ospatuko da Bilbon. Ekitaldi horren xedea da mota horretako industriak sustatzea, garapen ekonomikorako eta hiriaren eta Lurraldearen nazioarteko proiekziorako faktore gisa. Horretarako, aurtengo edizioak ekosistema sortzailearen azterketa egitea proposatuko du, bertan lan egiten duten eragileak eta egiten dituzten proposamen berritzaileak ezagutzeko. Aurtengo edizioan 50 jarduera inguru programatu dira.

Edizio honen helburua diseinua eta sormena gure bizitzetan, etxean, gure lanetan, aisialdian, antolatzeko moduetan, erabiltzen ditugun produktu eta zerbitzuetan eta xehetasun txikietan nola agertzen diren aztertzea izango da.

‘Disoinua’ erakusketa

‘Disoinua’ izeneko erakusketak hasiera emango dio BBDW 2022ri eta azaroaren 27ra arte ikusi ahal izango da Metro Bilbaoko Abandoko geltokian. Erakusketa 12 taulak osatzen dute eta bertan elkarrizketatutako pertsona batzuen artean diseinuaren inguruan bildutako ikuspegiak islatzen dira. Izan ere, erakusketa ikerketa-prozesu baten azken emaitza da. Prozesu horretan hogei bat pertsona elkarrizketatu dira, diseinua haientzat zer den eta haien bizitzetan eta ingurune hurbilenean zer eragin duen jakiteko.

BBDW 2022 azaroaren 17an hasiko da ofizialki ‘Belarrirekia’ izeneko saio batekin. Irekiera-saioari emandako izenak, diseinuaren aste honetako jarduera guztiei aplikatu nahi zaien entzute aktiboaren ideia indartu nahi du. Ekitaldia Campos Elíseos Antzokiko Kupula Aretoan izango da eta, bertan, erresonantziaren ideiari buruzko ikuspegi ugari azalduko dira.

Azaroaren 24an, Kortrijk hiria izango da protagonista. Flandesko hiri honek ekonomia zirkularrean, digitalizazioan edo zerbitzuen diseinuan arreta jartzen duten programak bultzatzen ditu, “Etorkizun hobeak diseinatzen” lelopean.