Modaren mundura jauzia ematea

Gaur egun, lan merkatuan barneratzea lan nekeza da gazteentzat. Hori oso ondo dakite moda-diseinuaren esparruan aritzen diren gazteek. Izan ere, ez dirudi sektore horretan gazteentzako aukera askorik dagoenik. Hala ere, dena ez da beltz kolorekoa. Horrela, izan badira, adibidez, urriaren 20an eta 21ean Jose Jauregian burutzen den Getxoko Moda Astea bezalako ekimenak. Bertan, euskal gazteek beren lana ezagutzera emateko aukera dute. Aurten, adibidez, aipatu ekitaldiaren XXV. edizioan, lehenengo egunean VII Diseinatzaile Berrien Lehiaketan finalista izan zirenak parte hartu zuten eta, horietatik, batek Getxo Galanta Beka irabazi du modan trebatu ahal izateko eta hurrengo urtean ere ibiltokian parte hartuko du.

Maiatzean ere, modaren inguruko jardunaldiak burutzen dira Bilbao Exhibition Center-en, alabaina, modaren gaineko horrelako ekintzak ez dira oso ohikoak Euskadin. Bilboko moda eskolako irakasle eta zuzendaria den María Teresa Gandariasen ustez, “gazteriari modaren munduan parte hartzeko animatzeko eta modaren munduan sartzeko aukera gehiago eman beharko litzaioke, hasieran nondik jo behar den ez baitakite”.

Berak adierazi bezala, azken urteotan eskolara gero eta ikasle gehiago hurbiltzen dira nahiz eta oraindik ez jakin ikastaro horretan zenbat jende izena emango duen “azaroa baita ikasle gehien matrikulatzen den hila”. “Batik bat Arte Ederretako ikasketak egin ostean etortzen dira”, gehitu du.

Eskola horretan modarekin harremana duen oro ikasten da, hala nola, mozketa, patronaia, modisteria edota plantxa. Eskolak, ordutegi malguak ditu eta tailer bat du bere baitan. Gutxi gorabehera lau urtetako ikasketak dira zerotik hasten direnentzat eta bi urte inguru jada oinarri bat dutenentzat. Ikasketak amaitzean diploma jasotzen da.

Diseinu grafikoa eta moda-diseinua irakasten duen Inedi eskolak ere gero eta ikasle gehiago ditu. Aurten % 18-20ko igoera izan du Aingeru Carro ikasketaburuak azaldutakoaren arabera.

Inedi eskolan, modari dagokionez, moda-diseinuko estilista eta patronista industriala ikastaroak eskaintzen dira. Ikasketek balio profesionala dute eta izena eman ahal izateko batxilergo ikasketak izatea eskatzen da. Ikasketa horiek goi-mailako ikasketak izan beharko luketen ala ez galdetzean, Carrok behintzat ikasketa horiek presentzia areagotuagoa izan beharko luketela nabarmentzen du. Gainera, nahiko bitxia iruditzen zaio Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) modaren gaineko graduondokoa izatea eta ez titulazioa.

Bestalde, Carrok deritzo batxilergoan orientatzaileek institutuetan modaren inguruko ikasketak ere badaudela aipatu beharko luketela. “Orientatzaileekin harremanetan egotea nahiko genuke eta guk ate irekietako jardunaldiak egin ahal izateko aukera ere izan nahiko genuke”.

Dirua oztopo

Ikasketak alde batera utzita, modaren munduan profesionalki barneratzea zail samar izan daiteke; behintzat diru baliabideak ez badira izaten. Kike Jiménez eta Javier Goya gazteak bat datoz baieztapen honekin. Jimenezek, Donostiako 26 urteko gazteak, modarekiko erakarpena izan du betidanik. “Autodidakta gisa hasi nintzen, tela zatiak hartzen, ikusten nuena imitatzen… Ostean patronaje eta josketa lantzen ikasi nuen eta Donostian bertan trebatu nintzen. Mundu honetan murgildu nintzen nire ama eta ahizparen laguntzarekin. Baina batik bat arriskatu nintzen, igerilekura jauzi nintzen”.

2004n ‘Desaires de una diva’ moda kolekzioa kaleratu zuen eta ondoren Diego eta SquareJk markak eratu zituen. 2009an Frida Kalho margolariari omenaldi gisa ‘A lo Kalho’ kolekzio bat sortzea pentsatu zuen eta 2010eko apirilean kaleratu zuen.

Bere aburuz baliabide ekonomikoak izatea “oinarrizkoa da”. “Lanbide guztietarako bezala, dirua Modaren kasuan, baliabideak izatea kontaktu gehiago izateko garrantzitsua da”. Jimenezek zortea izan duela onartzen du, jendea eta modeloak aurkeztu zizkion pertsona bat ezagutu zuelako. Horrela, piskanaka modaren munduan gehiago murgiltzen hasi zen. “Mundu honetan sartzea zaila da kolekzio bat aurkezteko publizitate-kanpaina bat egin behar baita, modeloak kontratatu, eta horretarako dirua behar da”.

26 urteko Javier Goyaren bilbotarra iritzi berekoa da, hots, dirua funtsezkoa da moda munduan barneratu ahal izateko. Gaur egun, Madrilen egiten du lan Must Magazine moda aldizkarirako eta bertan moda zuzendaria da. “Beti gustokoa izan dut moda eta, are eta gehiago, sormena, artea. Izan ere, 6 urterekin marrazketa gelak jasotzen hasi nintzen”. Bere lehenengo kontaktua modarekin Must Magazinekin izan da eta hasiera gogorra izan zela onartzen du. “Moda munduan behin sartu zarenean, mantentzea ez zait hain zaila iruditzen, edo behintzat nire kasuan, jendearen laguntza jaso dudalako. Hala eta guztiz ere, lan handia egin behar da”. Irmo agertzen da erakundeek gaztei laguntza ekonomiko gehiago eskaini behar zaiela adierazten duenean “moda kolekzio bat aurrera ateratzea oso garestia delako eta kolekzio batean etekinak ez badira izaten, oso zaila da hurrengo kolekzio bat ateratzea”.

Dirulaguntza falta

Ea Madrilera lan egitera joan zen Euskadin mundu honetan gauza gutxi baitago itauntzean, Goyak Bilbon lehiakortasuna handiagoa dela eskaintza gutxiago dagoelako dio. Era berean, Bilbon modaren inguruko talde txiki bat dagoela eta ez bazara talde horren partaide zureak egin duela esan du. Kike Jimenez donostiarrak, Euskadin, eta batez ere Gipuzkoan ez dagoela modaren gaineko jarduerarik edo lehiaketarik edota ezta Donostiako Udalak ezta Aldundiak ere ez dituztela laguntzarik eskaintzen azpimarratu du. “Ez dute moda artistikoa den zerbait edo kulturala den zerbait bezala ikusten, soilik denborapasa bezala ikusten dute”. “Hala ere, Gasteizko Artiumen badago modaren astea non azkeneko edizioan parte hartu dudan, eta Bizkaian ere zertxobait gehiago dago. Gauza, azken finean mugitzea da eta mugitzen jakitea da ezagutzera eman nahi bazara”.

Mundu honetan murgiltzeko, berritzaile izan behar da baina Goyaren iritziz “muga profesionalak irudikatuz” eta “ezta ere atentzioa gehiegi deituz”. Jimenez-entzat “modan ia dena esanda dago baina egia da norbait izan nahi baduzula arriskatu behar duzula eta zerbait berria aurkeztu”.

Moda ikasketen inguruan, Jimenezen esanetan, egia da ikasketak oso gutxi ezagutzen direla eta soilik Madrilen lizentziatura dagoela. ‘Ikasketak areagotu beharko lirateke, gainera lizentziatura hau oso garestia da eta mundu guztiak ez du aukera leku honetan ikasteko”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.