Iruñeko Udalak aisialdi arduragabearen kontrako kanpaina bat sustatu du

“Kale-zurrutari ez. Aisialdi arduratsuari bai” kanpaina sare sozialetan, hedabideetan eta Gaztelugibelen, Taconeran, Burgoen plazan eta Yamaguchin gauzatuko da.

Tamaina handiko lau botila, kolore bizia duten etiketekin eta hiriko gune esanguratsuetan kokatuta. Kale-zurrutaren beste aldea agerian uzten duen kanpainaren erakusgarriak dira, ondorioak eta kaltetuak: nekatuta dauden bizilagunak, haserre dauden gurasoak eta tabernariak, kale-garbitzaile ahituak… Iruñeko Udalak aisialdi arduragabearen aurkako kanpaina originala garatu du. Bere leloa “Kale-zurrutari ez. Aisialdi arduratsuari bai” da eta euskarri horiez gain, hedabideetan eta sare sozialetan ere garatuko da.

3 metroko botilak

Botilak aluminioz estalitako altzairuzko egitura metalikoan egindako 3 metro inguruko altuerako lau elementu dira. Bertan, kale-zurrutak dituen alboko ondorioak jasotzen dira: elkarbizitzaren nahasmendua, zaborra kaleetan, tabernariei egiten zaien bidegabeko lehia… Gainera, kale-zurruta egiten duten horiek hirian den arautegia urratzen dute eta, horregatik, 750 euroko isuna ordaindu behar izaten da. Kasu gehienetan, isuna, gurasoek ordaindu behar izaten dute.

Botilen etiketetan irakur daitezkeen testuek irakurleak zuzenean interpelatzen dituzte: gogaituta dauden bizilagunek diote “zuk kale-zurruta egiten duzun bitartean ez diezu bizilagun eta familiei atseden hartzen uzten. Kaleetan zikinkeria sortzen duzu eta, askotan, kalteak auzoan”. Kokoteraino dauden tabernariek, berriz, gogorarazten dute “zu kale-zurrutan ari zaren bitartean, ostalaritzak ez du lanik egiten eta gainera mozkor dauden askoren ondorioak jasan behar ditu gero’’. Mezu horiek gazte asko edateko elkartu ohi diren eremuetan bizi eta lan egiten dutenen ahotsa dira.

Kanpaina bereziki hiriko gazteei zuzentzen zaie eta Udalak aisialdi arduratsua sustatzeko egiten ari den lanaren barruan kokatzen da. Lan horren barruan, adibidez, ikastetxeetan alkoholaren eta droga kontsumoaren inguruan egiten diren hitzaldiak  daude.