Fair Saturday Fundazioak ‘Ura bere bidean’ egitasmoaren bigarren edizioa aurkeztu du. Pandemia garaian sortutako egitasmo horretan musikari ezberdinek 1970eko hamarkadatik gaur egunera arteko euskal kantak berrinterpretatuko dituzte, Fernando Velázquez konpositore getxotarrak sinfonikoki bertsionatuak. Egitasmoak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntza du.
Egitasmoa pasa den urtean sortu zen pandemiaren eraginez ezarritako murrizketei erantzuteko. Izan ere, pandemiak modu berezian kaltetu zituen hainbat sektore eta horietako bat kulturarena izan zen. Testuinguru horretan, urtero errepikatu ahal izango zen eta, kultura jarduera sustatzeko baliagarria izan zitekeen egitasmo bat bultzatzea bilatu zen.
Hala, eta lehen edizioaren arrakastaren ondoren, Euskadiko artista ezagunak berriro elkartu dira, Fernando Velázquez konpositore ospetsuak bertsio sinfonikoan berregindako garai guztietako euskal gai nabarmenak interpretatzeko.
Egitasmoan parte hartuko duten artistak honako hauek dira: Anje Duhalde, Su Ta Gar, EH Sukarra, Urtz, Gatibu, Zea Mays, Mikel Urdangarin, Izaro, En Tol Sarmiento, Bulego, Maren, Amak, Shinova eta Mäbu. Horiekin guztiekin batera, Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Elkartea arituko dira. Aurtengo ediziorako abestiak uztailaren amaierarako prest izatea aurreikusten da. Ondoren, astero, abesti bat estreinatuko da. Egitasmoan parte hartuko duten musikariek kontzertu bat emango dute urriaren 22an BECen.