Bilboko Udalak eta Euskadi Fundazioak bizikletaren erabilera sustatzea helburu duten ‘Domeketan bizikletaz’ jardunaldiak antolatu dituzte. Guztira hiru izango dira Areatzan ospatuko diren jardunaldiak; lehenengoa maiatzaren 22an eta hurrengo biak ekainaren 5ean eta 26an.
Jardunaldiak “Bizikleta Hiria, bizikletaz hobeto” kanpainaren barruan garatuko dira. Horren xedea da hiritik modu jasangarrian eta osasuntsuan mugitzeko ohiturak sustatzea, bereziki, haurren artean.
‘Domeketan bizikletaz’ jardunaldien barruan antolatuko diren jardueren barruan honako hauek azpimarra daitezke: bigarren eskuko bizikleten azoka, bizikletan duten trebetasuna erakusteko probak gaztetxoenentzako, familian edo lagunartean egiteko ginkana eta erakusketa ezberdinak.
Bizikleta bonoak
Bizikletaren erabilera sustatzeko Bilboko Udalak ‘Bizikleta bonoak’ jarri ditu salgai ‘Bilbao Bonoak’ programaren barruan. Bizikleta bonoak bi eratakoak izan daitezke:
- Bizikleta elektrikoak erosteko 400 euroko bonoak. Kopuru horren erdia Udalak jarriko luke.
- Bizikleten mantenurako eta konponketarako 50 euroko bonoak. Kasu horretan ere Udalak erdia jarriko du.
Guztira 80.000 euroko aurrekontua izango du egitasmoak eta 1.450 bono jarriko dira salgai.