Kaldearte, Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldia, bere ohiko formatura bueltatuko da aurten. Guztira, estatuko zein nazioarteko 30 konpainiak eskainitako formatu ezberdinetako 56 ikuskizun izango dira. Erakustaldia ekainaren 10etik 12ra bitartean ospatuko da ohiko agertokietan.
Aurtengoa XVI. edizioa izango da eta programatu diren jarduera guztietatik garrantzitsuenetako bat Nicole eta Martin zirkoa izango da. Konpainia suitzarrak bi hamarkada baino gehiago eman ditu munduan zehar bidaiatzen eta hainbat sari jaso ditu. Zirkoaren karpa Zuria Musikaren pasealekuan jarriko dute. Guztira lau saio eskainiko dituzte: ‘Bremengo musikariak’ (ekainaren 9an), ‘Wasilisa’ (ekainaren 10ean eta 11n) eta ‘Arrantzalea eta bere emaztea’ (ekainaren 12an).
Baieztatuta dauden bestelako ikuskizunen artean honako beste bi hauek azpimarra daitezke. Alde batetik, Magí Serra dantzari kataluniarraren eta Anamaria Klajnšček artista esloveniarraren ‘Cossoc’ koreografia hipnotikoa. Bestetik, Nova Danza Galegaren ‘Leira’ proposamena.
Programazio oraindik itxi gabe dagoen arren, antolatzaileek aurreratu dutenez, Deabru Beltzak eta Hortzmuga Teatro konpainien ‘Senta’ ikuskizunak irekiko du aurtengo edizioa.