Nafarroako Kirolaren Institutuaren eskutik, Nafarroako Gobernuak kirol esparruan emakumeen presentzia sustatzea helburu duen publizitate-kanpaina bat jarri du martxan. Kanpainak emakumeek kirolean duten parte-hartze eskasa azpimarratuko du. Izan ere, Nafarroan epaile edo entrenatzaile diren federatutako pertsonen laurden bat baino (% 25,9) ez dira emakumeak. Kirolaren arabera, gainera, kopuru hori askoz baxuagoa da. Futbolean, adibidez, emakumezko epaile edo entrenatzaile federatuen kopuruan % 5,8koa besterik ez da eta errugbian % 12,5. Saskibaloia eta eskubaloia bezalako kiroletan, berriz, kopuru hori % 30eraino hazten da eta tenisean % 50eraino. Gimnasia da emakume gehien biltzen dituen kirola (% 93) eta hipikan, igeriketan edo boleibolean emakume federatuen kopurua handiagoa da.
Erreferenteak gazteentzat
Kanpainak bi protagonista nagusi izango ditu: Izaskun “Kakun” Mainz eta Paula Remírez. Mainz , pasa den denboraldira arte Osasunaren emakumezko taldearen entrenatzailea izan da eta aurten harrobi gorritxoan ari da lanean. Remirez, berriz, Taekwondoko epailea da nazioarte mailan.
Publizitate kanpaina berria Nafarroako Kirolaren Institutuak kirolaren munduan emakumeen parte-hartzea sustatzeko eta eremu horretan emakumearen presentzia bultzatzeko egiten ari den lanaren barruan kokatzen da. Lan horren barruan garatu da, besteak beste, “Kirolarien hitzaldiak zure ikastetxean” izeneko egitasmoa, non 20 emakume kirolari erreferentetik gora arituko diren ikastetxe ezberdinetako ikasleei euren esperientziak jakitera ematen.
Kanpaina bi kartel eta bi bideotan ardaztuko da, euskaraz eta gaztelaniaz. Euskarri horien bidez emakume gazteak kirol-epaile edo entrenatzaile izatera gonbidatzen dira.