Migrazioen eta elkarbizitzaren inguruko sentsibilizazio-jardunaldia

Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak antolatutako Gasteiz Konexioan jardualdiaren eskutik istorio eta testigantza hunkigarriak ezagutu ahal izango dira

Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak antolatuta, azaroaren 9an, Gasteizko Aldabe Gizarte Etxeak Gasteiz Konexioan jardunaldiaren VIII. edizioa hartuko du. Edizio berriak migrazioa eta elkarbizitza izango ditu hizpide Elkarbizitza bidean: ¿Un poco de sal, vecina?’ izeneko sentsibilizazio-jardunaldi baten bidez.

Migrazioak

Gerrak, gatazka armatuak, pobrezia, desparekotasunak eta giza eskubideen urraketak dira gaur egun mundu osoan migrazioak eragiten dituzten aldagai nagusiak. Gaur egun, munduan zehar 58 gatazka armatu aktibo daude eta Ukrainiakoa eta Gazakoa bi adibide besterik ez dira. Gatazka horiek heriotza eta suntsipena eragiteaz gain, beste herrialde batzuetara segurtasun eta bizimodu duin baten bila ihes egiten duten pertsonen derrigorrezko joan-etorriak ere eragiten dituzte, haurrak barne. Pobreziak, desparekotasunak, prekarietateak eta giza eskubideen urraketek ere migratzera behartzen dute.

“Horietako pertsona batzuk gure hirira iristen dira babes edo bizitza duin baten  bila, eta horrek gizarte anitzago, aberatsago, pluralago eta solidarioago batean bihurtzen gaitu. Ez dugu ahaztu behar orain harrera-hiria garela, baina atzera begiratzen badugu, arestiko historiak abiapuntu ere izan garela erakusten digu “, gogoratu du talde antolatzaileak.

Sentsibilizazio-jardunaldia

Jardunaldiak tokiko hainbat erakunderen ordezkariak hartuko ditu, hala nola Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkartea AEZLELoturak eta Elkarte afrikarren partzuergoa. Era berean, munduko beste eskualdeetako esperientziak ezagutzeko aukera izango da Emakumeok Martxan eta Casa Vedruna de Tánger elkarteen eskutik. Gainera, doinu eta erritmo euskaldunak eta afrikarrak nahasten dituen Harresian Zulo taldearen kontzertua ere izango da, eta Afrika Bibang izango da ekimenaren aurkezle.

Jardunaldia doakoa izango da plazak bete arte. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak jardunaldia laguntzen dute

Antolatzaileek azaldu dutenez, “mundu globalizatu batean biz gara, non  migratzea ez den delitua. Delitu dira migratzera bultzatzen duten arrazoiak. Horregatik, ezinbestekoa da elkarbizitzaren alde lan egitea, dibertsitatea funtsezkoa baita gurea bezalako mundu konplexu batean”.

Gasteiz Konexioan jardunaldien xede nagusia da Gasteiz eta urrutiko beste tokien arteko loturak azaltzea, bereziki Arabako garapenerako GKE-ek lan egiten duten horiekin den lotura. Lotura eta harreman horiek eragina dute gure ekintza, jarrera eta kontsumo-ohituretan eta horiek guztiek ondorioak dituzte munduko hainbat tokitan.