Iruñeko Udalak entsegu-lokalen alokairua finantzatzea helburu duen musika-talde eta bakarlari gazteei zuzendutako entsegu-bonuen deialdia egin du. 12.000 euroko aurrekontuarekin, ekimen honek gazteen asoziazionismoa eta proiekzio profesionalerako aukera ematen duten talde-aisialdiko jardueren garapena sustatzea du helburu. Deialdia urriaren 10era arte egongo da zabalik.
Dirulaguntza hilean 60 euro artekoa da, eta entsegu-lokalen alokairuaren kostua murriztera bideratuta dago. Lokal horiek hilero edo orduka aloka daitezke. Alokairuaren fakturaren zenbatekoa 60 eurokoa edo handiagoa bada, zenbateko osoa estaliko da.
Onuradunek libreki aukeratu ahal izango dute entsegu-lokala, betiere lokal horrek dagokion lizentzia badu eta legezko baldintzak betetzen baditu. Gainera, lokal horiek Iruñerrian egon beharko dute. Dirulaguntzen erabilera egokia bermatzeko, deialdia kudeatzeaz arduratzen diren udal-zerbitzuek harremanetan jarri ahal izango dira entsegu-lokalen arduradunekin.
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira.
Talde eta bakarlarientzako baldintzak
Berezko nortasun juridikoa duten edo ez duten musika-taldeek eta bakarlariek jaso ahal izango dituzte laguntza hauek. Taldeen kasuan, gutxienez kideen bi herenek 14 eta 30 urte bitartekoak izan beharko dute, eta horien erdiak Iruñean erroldatuta egon beharko dute edo bizilekua egiaztatu alokairu-kontratu baten bidez. Bakarlariek Iruñean erroldatuta egon beharko dute.
Interesatuek deialdiaren inguruko xehetasun guztiak aurkitu ahal izango dituzte www.pamplona.es udal webgunean, “Laguntzak eta dirulaguntzak” atalean edo ekainaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (122 zk.).