Misio bat dugu

Gasteizko Udalak 2030ean hiria adimendua eta klimatikoki neutroa izatea lortu nahi du eta herritarrak inplikatzeko kanpaina bat jarri du martxan

Gasteiz 2030ean hiri adimendun eta klimatikoki neutroen misio europarrerako hautatutako 100 hirietako bat da. Horren baitan, misio horretarako hautatutako hirietako biztanleei protagonismoa eman nahi zaie. Izan ere, larrialdi klimatikora egokitu ahal izateko ezinbestekoa da keinu txikiak egitea eta eguneroko ohiturak aldatzea. Horregatik, misio hori lortu ahal izateko, herritarrak inplikatzea helburu duen ‘Misio bat dugu’ izeneko kanpaina jarri du martxan Gasteizko Udalak. Kanpainaren aurkezpen ekitaldian azaldu den moduan, “enpresen, saltokien, elkarteen, ikastetxeen, unibertsitateen eta, noski, Gasteizen lan egiten duten eta bertan bizi diren pertsona guztien eta bakoitzaren zuzeneko eta eguneroko inplikazioa” lortu nahi da.

Kanpaina

‘Misio bat dugu’ kanpainaren ardatz nagusia Green Capital izendatu zutenetik Gasteizek izan duen ibilbidea azaltzen duen bideo bat da. Bideoak, gainera, herritarrei laguntzen jarraitzeko dei egiten die. Bideo horrez gain, kartelak inprimatuko dira eta publizitatea jarriko da hedabideetan, sare sozialetan eta udal webgunean. Gainera, kanpaina presente egongo da abenduaren 2tik 5era Madrilen IFEMA pabiloian garatuko den Ingurumenaren Kongresu Nazionalean.

Zer egin dezakegu?

Asko dira herritarrok ingurumenaren alde egin ahal ditugun gauzak. Esan bezala horietako bat gure egunerokotasunean doikuntza batzuk egitea da, hala nola, garraio publikoa erabiltzea edo mugikortasun-eredu jasangarriak erabiltzea, hurbileko saltokietan Km0 delako produktuak erostea, edo etxetresnei, altzariei, jostailuei edo liburuei bigarren bizitza bat ematea.