Nafarroa da bizi-kalitate handiena duen autonomia erkidegoa

EINaren txosten batek foru erkidegoa lehen postuan kokatu du bizi-esperientzia orokorrean, osasunean, ingurumenean, eta aisian eta gizarte harremanetan

 Irakurketa denbora: 2 minutu

Nafarroa da, beste behin, bizi-kalitate onena duen autonomia erkidegoa. Izan ere, 2008. urteaz geroztik Nafarroa azaltzen da sailkapen horren buru. Hala baieztatzen du Estatistikako Institutu Nazionalak (INE/EIN) egindako Bizi Kalitatearen Adierazle Multidimentsionalaren (BKAM) azken txostenak, eguneroko bizitzaren bederatzi dimentsio ezberdin aztertzen dituenak.

55 adierazle ebaluatzen dituen azterlanak Foru Erkidegoa lehen postuan kokatzen du lau arlo nagusitan: bizi-esperientzia orokorra, osasuna, ingurumena eta aisia eta gizarte harremanak. Nafarroak emaitza nabarmenak lortzen ditu hezkuntzan eta lan-baldintzetan ere, hirugarren postua lortuz bi kategoriatan.

Txosteneko datuek erakusten dute Nafarroak 105,3 puntu lortzen dituela balorazio orokorrean, estatuko 101,5 puntuko batezbestekoa nabarmen gaindituz. Estatu osoarekiko alderik handienak ingurumenean daude, 7,3 puntuko abantailarekin, eta ondoren aisian eta gizarte harremanetan, 4,9 puntu gehiagorekin.



Lan arloan, Foru Erkidegoak hobekuntza nabarmenak izan ditu. Iraupen luzeko langabezia-tasa murriztu da eta aldi baterako lana gutxitu da. Gainera, langileen lan-gogobetetze maila ere igo egin da. Osasunari dagokionez, Nafarroak osasunaren autopertzepzio adierazleen sailkapenaren buru da eta gaixotasun kronikoen intzidentziarik txikiena du.

Dena ez da arrosa kolorekoa

Hala ere, Txostenak egoera hain ona ez den zenbait alderdi ere jasotzen ditu. Adibidez, Erkidegoak bederatzigarren postua du segurtasun fisiko eta pertsonalean, eta delinkuentzia eta bandalismoaren pertzepzioan igoera antzeman da. Era berean, goi-mailako ikasketak dituen biztanlerian beherakada txiki bat eta etxebizitzarekiko gogobetetzean jaitsiera bat ikusten dira.

Errioxa eta Aragoi dira estatuko bizi-kalitate oneneko erkidegoen podiuma osatzen duten beste bi autonomia erkidegoak. Hala ere, Nafarroa nabarmentzen da aztertutako kategoria ezberdinetan lehen hiru postuetan gehien agertzen den eskualdea izateagatik: sei aldiz dago lehen postuetan, beste erkidego batzuk, hala nola Errioxa, Euskadi, Kantabria eta Balearrak, hiru aldiz baino ez diren bitartean.

Advertisements