Sexua hobetu egiten da lubrifikatzaileekin

Lubrifikatzaile sexualek harreman atseginagoak izaten lagun diezazukete, baina komeni da produktu horiek ondo ezagutzea gehien komeni zaiguna aukeratu aurretik.

 Irakurketa denbora: 2 minutu

Gero eta gehiago dira bere sexu-harremanetan eta eguneroko bizitzan lubrifikatzaileak edo labaingarriak erabiltzen dutenak.

Sexu-harremanetan, tradizionalki, lubrifikatzaileak erabili izan ohi dira lubrifikazio naturala nahikoa ez zenean eta, ondorioz, harremanak mingarriak zirenean. Jakina, uzki-sexuaren kasuan, lubrifikazio natural nahikorik ez denez, ezinbestekoa izaten da lubrifikatzaileen erabilera  uzkiaren urradura saihesteko.

Azken urteetan sexu-harremanetara espresuki bideratutako lubrifikatzaileen boom bat izan da. Esparru horretako enpresek aukera ikusi dute eta hainbat lubrifikatzaile mota merkaturatu dituzte: zaporedunak, hotza/beroa sentsazioa ematen dutenak… Horrek, nolabait, bikote asko animatu ditu produktu horiekin esperimentatzera.

Lubrifikatzaileak

Funtsean, labaingarriak koitoa errazteko erabiltzen dira eta, esan bezala, zenbait kasutan, ia beharrezkoak direla esan daiteke. Hala ere, lubrifikatzaile guztiak ez dira berdinak eta emango diogun erabileraren baitan lubrifikatzaile bat edo beste erabili beharko dugu. Egokiena sexu-erabilerarako propio ekoitzitako labaingarriak erabiltzea da. Etxeko sendabideak edo trikimailuak ez dira ideia ona izaten kasu hauetan, ezpainak hidratatzeko baselina bezalako produktuek narritadura eragiten baitute genitaletan.



Sexu-erabilerarako berariaz fabrikatutako lubrifikatzaileak hiru taldetan banatzen dira horien osagai nagusiaren arabera: ur-oinarria duten lubrifikatzaileak, olio-oinarria duten lubrifikatzaileak eta silikona-oinarria duten lubrifikatzaileak.

Pentsa dezakezuen bezala, bakoitzak bere abantailak eta desabantailak ditu. Adibidez, silikona-oinarria duten labaingarriak ezin hobeak dira ur azpian erabiltzeko, baina ezin dira erabili silikonaz egindako sexu-jostailuekin.

Olio-oinarria duten lubrifikatzaileen kasuan, ez da komeni horiek erabiltzea preserbatiboa erabiltzen den harremanetan, kondoia apur dezaketelako. Era berean, horrelako lubrifikatzaileekin ohikoagoak dira narriadurak bai genitaletan bai larruazalean. Lubrifikatzaile mota hau ohikoagoa da masturbaziorako (eskuz edo jostailuekin) eta preserbatiborik gabeko harremanetan.

Eta, azkenik, ur-oinarria duten lubrifikatzaileak ditugu. Hauen inguruan esan daitekeen gauzarik onena da apusturik onena direla. Izan ere, behar sexual guztietarako erabil daitezkeen lubrifikatzaileak dira: koitoa, masturbazioa, jostailuak, kondoiarekin edo kondorik gabe, etab. Ez dute erredurarik sortzen azalean eta genitaletan, eta osagai nagusia ura dutenez, errazago garbitzen dira. Bere eragozpen bakarrak dira ezin direla ur azpian erabili (dutxan…) eta, beste biak ez bezala, ez direla hain iraunkorrak, hau da, lehenago “lehortzen” direla.

Azkenik, horrelako produkturen bat erosi aurretik komenigarria da horien osagaiak ezagutzea, batez ere zaporea edo tenperatura efektua duten horien kasuetan, glizerina bezalako gehigarriak izan ditzaketelako. Glizerina edoglizerola horrelako produktuetan erabili ohi den osagaia da eta kopuru handietan azaltzen bada albo-ondorioak eragin ditzake, hala nola deshidratazioa.

Advertisements