
Irakurketa denbora: Minutu 1
Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak antolatzen dituen Elkarlan Sarien X. edizioak dagoeneko baditu irabazleak. Gaude Elkartea, Mutur Beltz, Martin Etxea eta Zehar-Errefuxiatuekin izan dira balio publikoa sortzen duten eta herritarren parte-hartzea, pertsonen ahalduntzea eta gizarte-kohesioa sustatzen dituzten proiektuak saritzen dituzten sari hauen irabazleak.
Irabazleak
Gaude Elkarteak adimen urritasuna duten pertsonentzako duen Donibane zentro okupazionalean garatzen den “Sare berdeak ehunduz” jaso du sarietako bat. Zentro horretan 75 pertsonak egiten dute lan eta hiri-ekosistema bat sortua dute: anfibioen urmael bat, fruta-arbolen gune bat, baratze ekologikoa, heskaiak, tximeleta-oasia, basalore-belardia… Desgaitasunak dituzten pertsonek eskolei laguntzen diete Garapen Jasangarriko Helburuetan oinarrituta dagoen jolas/ginkana batean.
Bigarren saria artzain-ondarea eta iraunkortasuna sustatzen dituen Mutur Beltz Elkarte Agroekologikoak jaso du. Elkarte honek Ondo Bizi Arte egonaldi artistikoa sortu zuen Karrantzan 2017. urtean. Mutur Beltz ikerketarekiko eta berrikuntzarekiko konpromisoa du. Aipatu egonaldiaren xedea da, adibidez, artetik ardi- eta artzain-munduaren egoerari buruzko hausnarketa, eztabaida eta zabalkunderako espazioa zabaltzea.
Hirugarren saria beren jatorrizko herrialdeetatik irteteko beharra duten giza eskubideen defendatzaileak hartzeko eta babesteko gunea den Martin Etxeak jaso du. Martin Etxeak aldi baterako aterpea eta etxea eskaintzen du, pertsona hauek Euskadin osasuntsu egoteko eta bizitza autonomo eta segurua hasteko, komunitatearen, boluntarioen, langile profesionalen eta eragile publiko eta pribatuen laguntzarekin eta partaidetzarekin.
Azken saria Gasteizko Zehar Errefuxiatuekin elkarteak jaso du. Gasteizen bakarrik dauden gazte migratzaileekin egiten den ikerketa-Ekintza-Partaidetza prozesu hau Sareak Josten eta UPV/EHUko Lan Harremanen eta Gizarte Lanaren Fakultateko irakasleen arteko lankidetza komunitarioko esperientzia da.
Saridun bakoitzak sei hilabeteko epea izango du bere proiektua garatzeko. Horretarako, gainera, Eusko Jaurlaritzaren aholkularitza eta 9.000 euroko diru-zuzkidura ere jasoko dute.