UPV/EHUk lehiaketa bat antolatu du G9 musika-lehiaketarako ordezkaria aukeratzeko

Banakako edo taldeko musika-proiektuek parte hartu ahal izango dute, baldin eta, gutxienez, parte-hartzaile bat EHUko komunitateko kidea bada

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) UNIKOAK maketa lehiaketaren deialdia kaleratu du martxotik aurrera Oviedoko Unibertsitatean ospatuko den G9 VIII. Musika Lehiaketarako bere ordezkaria aukeratzeko.

Lehiaketa edozein generotako bakarlari eta talde musikalentzat zabalik dago. Parte-hartzaileek baldintza bakarra bete behar dute: taldeen kasuan, gutxienez, kideetako batek UPV/EHUko unibertsitate komunitatekoa izan beharko du, dela ikasle, administrazio langile edo irakasle gisa. Lehiaketara aurkezten diren horiek, gutxienez, bi lan original aurkeztu beharko dituzte mp3 formatuan, baita proiektu musikalaren deskribapen bat eta abestien letrak ere.

Hiru kategoria

Deialdiak hiru kategoria ezartzen ditu. Irabazle nagusiak 300 euro eta EHUdendarako bonu bat jasoko ditu. Horrez gain, unibertsitatea ordezkatuko du G9 Lehiaketan, bidaia gastu guztiak ordainduta. Bigarren sailkatuak 200 euroko saria lortuko du eskudirutan. Gainera, 200 euroko sari berezi bat emango zaio euskarazko letra onenari. Saridun guztiek diploma bana jasoko dute.



Interesdunek beren proposamenak doan bidal ditzakete otsailaren 10era arte euskara.erreord.proiektuak@ehu.eus helbidera. Lanek berezko konposizioak izan behar dute eta diskoetxe edo beren hedapena oztopa dezaketen beste erakundeekiko konpromisorik gabe egon beharko dute.

Euskara, Kultura eta Nazioartekotze Errektoreordetzak izendatutako epaimahai batek, hiru Campusetako Kultura Zuzendaritzekin batera, proposamenak ebaluatuko ditu. Emaitzak martxoan argitaratuko dira unibertsitatearen webgunearen bidez eta parte-hartzaileei posta elektronikoz jakinaraziko zaizkie.

Advertisements