Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) 2024-2025 aldirako bi dirulaguntza programa deitu ditu, Foru Komunitateko gazteen onurarako ekimenak finantzatzeko. Laguntza horiek, guztira, 620.000 euroko aurrekontua dute, eta gazteen garapen integrala sustatzen duten toki-erakunde eta gazte-elkarteei zuzenduta daude. Une honetan, gazteak Nafarroako biztanleria osoaren % 18,5 inguru dira.
Bi lerro
Esleitutako 620.000 euroetatik, 400.000 euro udal eta mankomunitateentzako lerroari dagozkie. Aurrekontu horren barruan, 50.000 euro gorde dira gazteriaren tokiko planak, foroak eta azterketa sektorialak sortzeko; 70.000 euro gazteria arloko langile teknikoak indartu eta finkatzeko; eta 280.000 euro gazteen parte-hartzea sustatzen duten proiektuetarako. Deialdi honetan, 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako egitasmoei emango zaie lehentasuna.
Bestalde, gazte-elkarteek 220.000 euroko aurrekontua izango dute, aurreko urtearekin alderatuta handitu dena. Laguntza horien helburua da prestakuntza, enplegua, berdintasuna, aisialdi inklusiboa, jasangarritasuna, kultura sustapena, indarkerien prebentzioa eta ekipamendua eskuratzeko jarduerak finantzatzea. Elkarte bakoitzak gehienez 10.000 euro jaso ahal izango ditu ekimen horietarako.
Diruz lagundu daitezkeen ekintzen artean daude osasun-hezkuntzako programak, arrazakeria, xenofobia, sexismoa, homofobia eta bullying bezalako indarkerien prebentzioa, baita genero-berdintasuna eta aisialdi-denbora sozializazio-gune seguru gisa sustatzen duten proiektuak ere.
Toki-erakundeen jarduerak 2024ko azaroaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartean gauzatu beharko dira. Gazte-elkarteen kasuan, ekintzak 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartean garatu beharko dira.
Bi dirulaguntza lerro horien aurrekontu-zuzkidura handitu egin da aurtengo deialdian. Gainera, berariazko proiektuetarako gehieneko mugak ere handitu dira, hala nola gazte-elkarteen jarduera eta ekipamendurako ezarritako 10.000 euroak.
Argibide gehiago:
Nafarroako Gazteriaren Institutua
Telefonoa: 848 42 39 06
Posta elektronikoa: entidadesjuventud@navarra.es