ZINEXITek giza eskubideei buruz hausnartuko du bost filmen bidez

Azaroaren 25etik 29ra bitartean Bilboko Azkuna Zentroan izango den zinema-erakustaldiaren 14. edizioak lau estreinaldi eta zinemaren klasiko bat hartuko ditu

ZINEXIT, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak sustatutako Zinema eta Giza Eskubideen Erakustaldiaren hamalaugarren edizioa Bilbora itzuliko da duintasuna, identitatea eta ahalduntzea bezalako oinarrizko gaiak jorratzen dituzten bost filmen hautaketa batekin.

Proiekzioak Azkuna Zentroko Golem Zinema-aretoetan egingo dira azaroaren 25etik 29ra, egunero 19:30ean. Sarrera doakoa da eta gonbidapenak, pertsona eta film bakoitzeko bira mugatuak, azaroaren 23tik eskuragarri daude txarteldegian, lekuak bete arte.

Programazioak Bilborako lau estreinaldi biltzen ditu: Valentina Cicogna eta Mattia Colomboren “Pure Unknown”, Elena Molinaren “Remember my name”, Luis ‘Soto’ Muñozen “Sueños y pan”, eta Shiori Itoren “Black box diaries”. Horiez gain, Robert Mulliganen “To kill a mockingbird/Matar a un ruiseñor” klasikoaren proiekzioa ere ikusi ahal izango da.

Aurtengo edizioan hainbat gai jorratuko dira, “bidegabekeria eta diskriminaziotik hasi eta erresilientzia eta ahalduntzeraino. Proiekzio bakoitza aukera izango da maiz ezkutuan geratzen diren errealitateetan sakontzeko eta isilarazi dituztenen ahotsak indartzeko” azaldu du Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendari Jagoba Álvarezek.

Ekimen paraleloak

Erakusketak hezkuntza-konpromisoarekin jarraituko du bi ekimen paraleloren bidez. Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzentzen zaien ZINEXIT Eskola ekimenaren barruan, 6 eta 10 urte bitarteko mila ikasle baino gehiagok Mohammad Kheyrandishen “Izurde mutikoa” animaziozko filma ikusi ahal izango dute.

Bestalde, ‘Bosa!’ programak, Bilboko Udaleko Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazio Sailarekin lankidetzan antolatua, “Remember my name” dokumentala aurkeztuko die DBHko eta Heziketa Zikloetako 1.400 ikasleri. Film horrek, Malagako Zinemaldian Publikoaren Saria irabazi zuen eta Melillako hesia saltatu ondoren dantza talde bat osatzen duten lagundu gabeko adingabe batzuen istorioa kontatzen du. Proiekzio bakoitzaren ondoren, publikoarentzat irekia den solasaldia egingo da, hasieratik erakusketa ezaugarritu duen zineforum formatu tradizionalari eutsiz.