Nafarroako 24 ikastetxetako DBHko 4. mailako 1.000 ikaslek baino gehiagok zibersegurtasunean trebatzeko programa batean parte hartu dute. Programak Next Generation fondoen finantzaketa du eta Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak sustatu du Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean.
Programaren helburua da gazteak funtsezko gaitasun digitaletan trebatzea, bai bizitza pertsonalean, bai etorkizun profesionalean, segurtasun informatikoaren erronkei aurre egiteko.
Hiru unitate
Prestakuntza-programak hiru unitate nagusi ditu. Lehenengoa, informazio pertsonala babestean eta nabigazio seguruan oinarritzen da eta, besteak beste, antibirusak aplikatzeko, firewall-ak erabiltzeko, fitxategiak enkriptatzeko eta sare lokalen segurtasunerako jarraibideak ematen ditu.
Ikastaroan sistema eragileak konfiguratzea eta babestea, eta ziberiruzurrak saihesteko eta zibermehatxuak identifikatzeko jardunbide egokiak bezalako alderdiak jorratu dira
Bigarren unitatea sistema eragileak mantentzeaz eta eguneratzeaz arduratzen da, baita segurtasun-kopiak egiteaz ere. Eta, hirugarren blokean, malwareak eragindako kalteak minimizatzeko babes-metodoak berrikusten dira.
Proiektua ekainean gauzatu da Nafarroako 24 ikastetxetan, gaztelaniaz zein euskaraz, eta 1.000 ikasletik gora izan dira parte hartzen.
Ildo berean, 2024/2025 ikasturtean Zibersegurtasuneko lehen master ofiziala jarriko du abian NUPek, kualifikazio handiko profesionalen gero eta eskari handiagoari erantzuteko. Horrez gain, Nafarrako Gobernuaren Hezkuntza Sailak ‘Operazioaren Teknologien Inguruneetako Zibersegurtasuna’ goi-mailako espezializazio-ikastaroa (Lanbide Heziketako masterra) eta ‘Adimen artifiziala eta Big Data’ goi-mailako espezializazio-ikastaroa (Lanbide Heziketako masterra) eskainiko ditu.