Nafarroako gazteentzat sare sozialak ez dira fidagarriak

Nafarroako gazteak, batez beste, lau ordu ematen dute egunean pantaila baten aurrean eta, nagusiki sare sozialen bidez informatzen bada ere, horiek fidagarriak ez direla uste dute

Nafarroako Gazteriaren Diagnostikoa’ txostenaren arabera, Nafarroako gazteek, betez beste, lau ordu ematen dute egunean gailu digital baten aurrean. Gainera, ez dago alde handirik lanegunetan (3,9 ordu) eta asteburuetan (4 ordu) egiten duten erabileraren artean. Nafarroako Gazteriaren Institutuak argitaratu duen txosten horren arabera, bizileku-eremuak nabarmen eragiten du gazteek egiten duten pantailen erabileran. Horrela, Iruñerriko gazteek, batez beste, pantailaren aurrean 4,4 ordu ematen duten bitartean, landa-eremuetan batezbesteko hori 3,2 ordura jaisten da, hots, % 37,5 gutxiago.

Informazio-iturri nagusia

Nafar gazteek, nagusiki, sare sozialetan, foroetan eta blogetan sartzeko erabili ohi dituzte gailu digitalak. Horiek dira, hain zuzen ere, gazteek informazioa lortzeko erabiltzen dituzten iturri nagusiak, bereziki, gizon gazteenen kasuan. Horrela, kanal digital horiek hedabide tradizionalak (prentsa idatzia eta irratia) eta telebista eta horren online aldaerak baino gehiago erabiltzen dira.

Txostenean azpimarratzen denez, online plataforma horiekiko lehentasunaren ondorioz, nafar gazteek beren errealitate soziala eta egunerokotasunaren ezagutza eraikitzeko duten modua aldatzen ari da. Eta hori, aurreko belaunaldietan gertatu ez zen zerbait da. Hala ere, gazte gehienek informazioa lortzeko sare sozialak erabiltzen dituzten arren, gehiengo esanguratsu batek (% 65 inguru) plataforma horietan topatzen dituen edukien egiazkotasunaren inguruko kezka azaltzen du. Eszeptizismo maila horrek informazioa kontrastatu beharra dakarkie askori.

Hedabide mota bakoitzari ematen zien egiazkotasun mailari dagokionez, informazioa lortzeko bide nagusia izan arren, sare sozialak dira, 10etik 4,9 punturekin, fidagarritasun-mailarik baxuena duen kanala. Sarritan erabili ohi dituzten blog eta foroen kasuan, puntuazioa 5 puntu baino gehixeagokoa da. Txanponaren beste aldean, gazteek konfiantza-maila handiagoa erakusten dute hedabide tradizionalekin, nahiz eta, esan bezala, horien kontsumoa baxuagoa izan. Irrati eta podcasten kasuan fidagarritasun-maila 10etik 6,7 puntukoa da, idatzizko prentsaren kasuan 6,6 puntukoa eta telebistaren kasuan, 6,3 puntukoa.

Sare sozialen erabilera guztiz zabalduta eta normalizatuta dago nafar gazteen artean. Egunero gehien erabiltzen den sare soziala Instagram da, WhatsApp baino gehiago. Antza denez, sare sozial hori, edukiak partekatzeko plataforma izateaz gain, mezularitza-kanala ere bada.

Adinari dagokionez, txostenak jasotako datuen arabera, Facebook-en erabilerak behera egiten du adinean behera egin ahala. TikToken kasuan, aldiz, kontrakoa jazotzen da, hots, sare sozial horren erabilera handiagoa da gazteenen artean.