Nafarroako haurrei eta nerabeei arreta emateko ekipoen hedapena zehaztu da

Abenduaren amaieran Nafarroako Gobernuak Haurrei eta Nerabeei Arreta Emateko Ekipoak (HNAEE) Nafarroa osora hedatzea adostu zuen. Horretarako, gobernuak Iruñerriko eta foru-erkidegoko iparraldeko, ipar-ekialdeko eta ipar-mendebaldeko herritarrei arreta emateko zerbitzua kontratatzea baimendu du. Haurrei eta Nerabeei Arreta Emateko Ekipoen helburua da haurrei eta haien familiei arreta ematea, haien babesgabetasun-mailak eremu horretako gizarte-zerbitzuen lehen mailako arretaren eskumenak edo baliabideak gainditzen dituenean.

Printzipioz, kontratu horrek, gehienez, lau urteko iraupena izango du. Aipatu epealdi horretarako bideratuko den aurrekontua, guztira, 3 milioi ingurukoa izango da. Kontratua Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak kudeatu beharko du. Ekipoek gizarte-zailtasunean dauden herritarrak artatuko dituzte, kasuen larritasuna erdi-mailakoa denean —larritasun txikieneko kasuak oinarrizko gizarte-zerbitzuek artatzen dituzte, eta larritasun handikoak, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familia eta Adingabeen Zuzendariordetzak—.

HNAEEek orain arte erakutsi duten eraginkortasunean oinarrituta lurralde osora hedatzea erabaki da. Zerbitzua adierazitako eremuetan ezartzeaz gain, gorantz berritu da Tafallako eremua kudeatzeko kontratua, non % 50 handituko baita arreta-gaitasuna. Ekipo horrek gizarte-zerbitzuen oinarrizko bost eremuri emango die zerbitzua; hala, 8.848 adingabe eta haien familiak artatu ahal izango dira. Iruñerriko eta iparraldeko, ipar-ekialdeko eta ipar-mendebaldeko HNAEEk gizarte-zerbitzuen oinarrizko 23 eremuri emango die zerbitzua; hala, 51.803 adingabe eta haien familiak artatu ahal izango dira.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.