Nahi den (edo ahal den) udalerrian bizi

Gazteen Euskal Behatokiaren datuen arabera, EAEn emantzipatutako hamar gaztetik zazpi gustura daude beren bizitokiarekin

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Gazteen Euskal Behatokiak egin duen azterlan baten arabera, EAEn emantzipatuta bizi diren 18 eta 29 urte bitarteko hamar gaztetik ia zazpik diote pozik daudela beren bizitokiarekin. Askok bere jatorrizko udalerrian jarraitzen dute bizitzen eta mugitu diren horien kasuan, ehuneko handi batek ez du bere jatorrizko udalerrira bueltatzeko asmorik.

Azterlanak errealitate zatitu bat aurkezten du. Emantzipatuta bizi diren euskal gazteen % 56,4 bere jatorrizko udalerria ez den beste batean bizi da eta % 43,6k, berriz, beste udalerri bat aukeratu du.



Gizon gazteekin alderatuta (% 39,8) emakume gazteek (% 46,4) jatorrizko udalerrian geratzeko joera handiago dute. Adina ere aldagai garrantzitsua dela dirudi: 25-29 urte bitarteko gazteek (% 45,3) beren jatorrizko udalerrian geratzeko ohitura handiagoa omen dute. 18 eta 24 urte bitartekoen kasuan, adibidez, kopuru hori % 41,2raino jaisten da.

Bihotza lanaren gainetik

Etxetik gertu geratzea erabakitzen duten horien kasuan, afektuak aukera profesionalak baino garrantzi handiagoa duela dirudi. Izan ere, gazteen heren batek baino gehiagok (% 34,1) dio erabakia familia, bikotekide edo lagunetik gertu egotearren hartu duela. Udalerriarekiko lotura (% 27,1) eta lantokitik gertu egotea (% 21,1) dira gehien aipatzen diren beste arrazoi batzuk.

Datu horiek esanguratsuak dira inkestatutako gazteek berez erantzun zutelako, aldez aurretik ezarritako aukerarik gabe eta arrazoi ezberdinak aipatzeko askatasun osoarekin. Jasotako erantzunen naturaltasunak adierazten du euskal gazteentzat garrantzitsua dela loturak mantentzea. Fenomeno hori arinki aldatzen da adinaren baitan. Horrela, 18-24 urte bitarteko gazteek lanarekiko hurbiltasuna edo etxebizitza eskuratzeko aukerak aipatzen dituzte, beren udalerrian geratzeko faktore erabakigarri gisa.

Lan aukerak urruti daudenean

Txanponaren beste aldean beren jatorrizko udalerritik alde egin duten horiek daude. Kasu horretan, gazteen heren batek (% 33) arrazoi profesionalak aipatzen ditu jatorrizko udalerria uzteko arrazoi nagusi gisa eta jarraian, ikasketak (% 23,6).

Etxebizitzaren aldagaia ere garrantzitsua da. Gazteen % 14,7k dio etxebizitzaren garestitzea edo jatorrizko udalerrian den eskaintza faltak bultzatu dituela beste udalerri batzuetan alternatibak bilatzera. Gainera, gazteen % 11,8 udalerriz aldatu da bere bikotekidearekin egoteko.



18 eta 24 urte bitartekoen artean, beste udalerri batera bizitzera joateko arrazoi nagusia ikasketak izan ohi dira. Horrek adierazten du, oraindik ere, beharrezkoa dela bidaiatzea edo jatorrizko udalerria uztea zenbait ikasketa burutu ahal izateko.

Udalerriz aldatzeko erabakia hartu arren, gazte guztiak ez daude guztiz gustura beren egoera berriarekin. Horrela, jatorrizkoa ez den beste udalerriren batean bizi diren gazteen % 43,9k dio bueltatu nahiko lukeela. Ostera, beren udalerrian geratu diren horien artean beste udalerri batera bizitzera joateko asmoa azaltzen duten horiek % 13,6 baino ez dira.

Gogobetetzea

Oro har, emantzipatu diren gazte gehienak gustura daude bizi diren udalerrian. Gazteen % 69,3 pozik da bizi den udalerrian, baina hemen bi multzo bereiztu beharko lirateke. Alde batetik, jatorrizko udalerrian geratzea erabaki eta beste udalerriren batera joan nahi ez duten horiek daude (% 37,6). Bestetik, udalerriz aldatu duten eta jatorrizko udalerrira bueltatu nahi ez duten horiek daude (% 31,7). Gazteen laurden batek (% 24,8) bakarrik bizi du kontrako egoera, hots, bere ez den udalerri batean bizi da eta jatorrizkora bueltatu nahiko luke.