“Nahi dudalako” kanpainak euskaraz ikasten jarraitzera animatuko du

www.nahidudalako.eus webgunean den inkesta osatzen duten gazteek hainbat sari irabazteko aukera izango dute.

Aurten ere, DBHko azken ikasturteetako ikasleak euskarazko ikasketekin jarraitzera animatzea da “Nahi dudalako!” kanpainaren helburua. Aipatu kanpaina Bizkaiko 16 udalerrik eta bi mankomunitatek sustatzen dute Alkarbideren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EUDELen laguntzarekin.

Ekimenean parte hartzen duen Getxoko Udalak, adibidez, ikasleak euskaraz ikasten jarraitzera animatzeaz gain, DBHko 3. eta 4. mailan diren udalerriko ia 1.500 ikasleri kanpainaren inguruko informazioa biltzen duen liburuxka bat bidaliko die. Bertan, ikasleei eta beren familiei www.nahidudalako.eus webgunean sartzera animatzen zaie euskaraz den eskaintza ezagutzeko.

Bestalde, DBHko azken urtean diren ikasleen 733 familiek gutun bat jasoko dute. Bertan, orain arte ikasleek ikasi duten eredu linguistikoan ikasten jarraitzeak dituen abantailak zehaztuko zaizkie.

Webgunean sartzen diren ikasleek bertan den inkesta bat bete ahal izango dute. Inkesta osatzen dutenen artean hainbat sari zozkatuko dira: ordenagailu eramangarri bat, patinete elektriko bat eta 200 euroko bono bat kirol materialean edo kulturan gastatzeko.