Aurten ere, euskal gazteek emakumeenganako indarkeriaren aurkako eta berdintasunezko gizarte baten aldeko jarrera erakutsi dute Beldur Barik lehiaketaren bidez. Guztira 300 lan baino gehiago aurkeztu dira aurtengo ediziora eta Sestaoko Musika Eskolan izan den Topaketan irabazleak ezagutzera eman dira.
12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoen kategorian, Ondarruko Zubi Zahar herri Ikastolako ‘Aske bizi’ lana izan da garaile.
Kategoria berean, aipamen berezia Gazteizko Judimendi-Aranako kale heziketako programatik bidalitako ‘¡Queremos que se nos escuche’ lanari esleitu zaio.
Kategoria honetan parte hartze handia izan da eta aurtengo ediziora aurkeztu diren lanen ia erdia (% 44) kategoria honetara aurkeztu dira.
15 eta 17 urte bitarteko gazteen kategorian, irabazlea Erandioko Jado Ikastetxetik bidalitako ‘Gure gorputzak gureak ote dira?’ lana izan da.
Aipamen berezia, berriz, Bergarako ‘Bizitzarengatik borrokan’ bideo-kliparentzat izan da.
18 eta 20 urte bitarteko gazteen kategorian sari nagusia Bilboko ‘Samsara-Renacer’ lanarentzat izan da.
Aipamen berezia, kasu honetan, Iurretako ‘Libre izan nahi dut, ez ausart’ lanarentzat izan da.
Ikus-entzunezko onenari saria Donostiako ‘Puntuka’ lanak eraman du eta herri bozkaren saria, berriz, 1.007 bozkarekin, ‘Rolak irauli’ lanarentzat.
Topaketa
Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren sariak banatzeaz gain, Sestaoko Topaketan hainbat tailer izan dira gazteentzat: autodefentsa feminista, dantzaren bidezko ahalduntzea, neskak eta bideo-jokoak, elikadura osasungarria, rap feminista eta maskulinitateak, besteak beste.