“Ni feminista naiz”, martxoaren 8ko erakunde arteko kanpainaren leloa Euskadin

Ekimenak bat egiten du Beijingeko Adierazpenaren 30. urteurrenarekin eta Euskadiko lehen Berdintasun Legearen 20. urteurrenarekin

 Irakurketa denbora: 2 minutu

“Ni feminista naiz” izango da Martxoaren 8an ospatu ohi den Emakumeen Nazioarteko Egunerako, EAEko erakunde arteko kanpainarako aukeratutako leloa. Kanpaina Emakundek, hiru foru aldundiek eta EUDELek antolatu dute. Kanpainaren leloa “Feminismoa zurekin bat” esaldiarekin osatzen da eta feminismoak gizarteari egindako ekarpena aldarrikatu nahi du. Ildo berean, berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenak nabarmendu nahi dira, baita balio feministek eguneroko bizitzan duten eraldaketa-indarra erakutsi ere.

Kanpainaren aurkezpenean parte hartu dute Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak; Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantza foru diputatu Iñaki Gurtubaik; Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Nerea Isasik; Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Trinidad L. Vicentek eta EUDELeko lehendakari Esther Apraizek.

Kanpaina

Euskal erakundeek feminismoaren pedagogia egitea beharrezkotzat jotzen dute. Izan ere, mundu mailako ultraeskuinaren erreakzioak markatutako testuinguru batean, gero eta gehiago dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza ukatzen duten ahotsak. Ildo berean, emakumeen aurkako indarkeria hutsaltzeko eta berdintasun-politikak gutxiesteko joera gero eta ahndiagoa dago. Miren Elgarrestak adierazi duenez, “feminismoari eta bere agendari buruzko desinformazioa, beti existitu dena, areagotu egin da azken urteetan Internet eta sare sozialen erabilera orokortu delako berrien kontsumoan”.

Emakundeko zuzendariak azpimarratu duenez, feminismoak “ongizateari, berdintasunari eta pertsonen eskubideei egindako ekarpena aitortzeko unea da”. Elgarrestaren ustez, lorpen hauek guztiak zalantzan jartzen dituzten horiek berdintasunaren aurkako ideiak zabaltzeko kanal garrantzitsuak aurkitzen ari dira eta, bereziki, gazteei zuzentzen zaizkie. Elgarrestak argi du feminismoa “eskubideekin, askatasunarekin, ongizatearekin, elkartasunarekin, sare eta aliantzekin, demokraziarekin, ahalduntzearekin, heziketarekin eta jakituriarekin, errespetuarekin, pertsona guztientzako aukera-berdintasunarekin” lotuta dagoela, eta kontzeptu eta balio horiek aldarrikatzeak, gaur egun, publikoki “Ni feminista naiz” eskatzen du.

Urteurrenak

Kanpaina bat dator berdintasun-politiken garapenerako bi gertaera garrantzitsuren urteurrenekin:

  • Mundu mailan emakume eta nesken ahalduntzerako programarik aurrerakoiena den Beijingeko Adierazpen eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena
  • Euskadin Emakume eta Gizonen Berdintasunerako lehen Legearen onarpenaren 20. urteurrena

Komunikazio-ekintzak martxoaren 8ra arte garatuko dira hainbat euskarritan, hala nola kalean, egunkarietan, irratietan, sare sozialetan eta telebistan. Gainera, sare sozialetarako istorio-txantiloi bat sortu da iragazki formatuan, #NiFeministaNaiz traolarekin, erabiltzaileei selfie bat atera eta beren profiletan partekatzeko aukera emango diena.

Advertisements