
Irakurketa denbora: Minutu 1
Eusko Ikaskuntzak, Euskal Herriko zazpi unibertsitateekin batera, unibertsitateko ikasleei zuzendutako Ikerketa Sustatzeko eta Babesteko I. Programaren hiru proiektu irabazleak aurkeztu ditu. Deialdiak lurralde guztietako 24 proposamen jaso ditu, emakumeen parte-hartze nabarmena (20 emakume) eta euskararekiko konpromiso sendoa (20 proiektu) azpimarratuz.
Irabazleak Mihiret Elisa Zarate Beitia, Gizarte Laneko graduko azken urteko ikaslea; Elene Igoa Iraola, Deustuko Unibertsitateko doktorego aurreko ikertzailea; eta, Amaia Rodríguez Aguirre, Bordeleko Unibertsitateko doktorego aurreko ikertzailea UPV/EHUren kotutoretzapean.
Ikerketa Sustatzeko eta Babesteko I. Programaren irabazleak
Mihiret Elisa Zarate Beitiak “Zein gobernantza behar du euskal gizartearen zerbitzuen zaintza bermatzeko?” proiektua garatuko du. Bere ikerketak EAEko zaintza-sistemen gobernantza eta jasangarritasuna aztertuko ditu, dauden hutsuneak eta aukerak identifikatzeko helburuarekin, gizarte zerbitzuen egitura hobetzeko gomendioak formulatuz. Lan hau bere gradu amaierako proiektua izango da.
Elene Igoa Iraolak “Beherakada demografikoa: Euskal Herriko erakundeen erronka nagusia” lanean biztanleriaren beherakada erronka instituzional gisa jorratuko du. Doktorego aurreko ikertzaile eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea den 27 urteko gazteak, erakunde psikologian espezializatua, erakundeetan inpaktu demografikoaren epe luzeko ikuspegi estrategikoa eskaintzen saiatuko da, egungo joerak sortutako arazo ekonomiko, sozial eta kulturalei aurre hartu eta erantzuteko.
Azkenik, Amaia Rodríguez Aguirrek “Ahozko Handia: murgiltze ereduko ikasle elebidunak eta herritartasun soziolinguistikoa aukeratzeko?” lanarekin Iparraldeko murgiltze-ereduetan euskaraz eskolatutako ikasleek “Grand Oral” (selektibitatearen baliokidetzat har daitekeen azterketa) formatu elebidunean egiterakoan aurre egin beharreko zailtasunak aztertuko ditu. Bere proiektuak tresna soziolinguistikoak proposatzen ditu proba horri berme handiagoekin aurre egiteko.
Eusko Ikaskuntzak guztira 6.000 euro bideratuko ditu euskaraz egingo diren ikerketa hauek finantzatzeko. Hiru lanak aurten bertan amaituko direla aurreikusten da.