Donostikluba Festibalaren XVIII. edizioa hiriko soinuetan oinarritutako proposamen batekin itzuliko da, zuzeneko musikako bi gau jarraian eskainiz. Ginmusicak eta Donostia Kulturak antolatzen dute jaialdia, eta Parkineos eta Giovaazen emanaldiak izango dira irailaren 11n, eta Rebe eta LaMia Marirenak irailaren 12an. Kontzertuak 21:00etan hasiko dira eta sarrerak eskuragarri daude jada Donostia Kulturako kanal ofizialetan.
Parkineos eta Giovaaz
Parkineos hardcore rave kulturatik sortu zen, nahiz eta bere musikak hainbat estiloren eragina izan: rawstyle, hardtek, frenchcore, happy hardcore, trap eta hyperpop, besteak beste. 2023. urtea 40 kontzertu ingururekin itxi ondoren, Parkineosek bere jarduerarekin jarraitu du 2024ko lehen zatian “Dosis Tour” izeneko birarekin, Estatuko hainbat hiritan zehar hamar aurkezpen baino gehiago eginez.
Irailaren 11ko kartela Giovaaz disko-jartzaileak osatuko du, Pueblan (Mexiko) jatorria duen eta gaur egun Donostian bizi den disko-jartzaileak. Giovaazek 2022an ekin zion bere ibilbideari, Berlingo clubbing eszenan inspiratuta, eta bere estiloa artista gisa bere nortasuna definitzen duen esentzia latinoak bustitzen du. Energia hainbat herrialdetako agertokietara eraman du, besteak beste, Alemaniara, Hego Koreara eta Thailandiara.
Emanaldia 21:00etan hasiko da Intxaurrondoko aretoan. Sarrerak 20 euroren truke eros daitezke aldez aurreko salmentan.
Rebe eta La Mia Mari
Irailaren 12ko gauean Rebe izango da buru, Rebeca Díaz 22 urteko abeslari eta konpositore madrildar gaztearen izen artistikoa. Bere musikaren ezaugarri nagusiak kutsu erotikoa duten baladak eta maitasun eta pasio gaiak aztertzen dituzten hitzak dira. Rebe bere buruari buruzko kondaira txikiak kontatzen dituen artista gisa deskribatzen da, amodiozko antzerki-korapiloz beteak, gozoak, mingotsak edo katastrofikoak izan daitezkeen arren, beti errealismo dosi bat gordetzen dutenak.
Jardunaldia LaMia Mari DJarekin osatuko da. Donostian biz den disko-jartzaile honek estilo hibrido ugariren eragina duen soinu-estetika du. Bere errepertorioak Hego Amerikako, Erdialdeko Amerikako, Karibeko eta Afrikako dantza soinu hiritar eta tropikalak biltzen ditu, hala nola afrobeat, dancehall, funk carioca eta reggaetoia.
Emanaldia 21:00etan hasiko da Intxaurrondoko aretoan. Sarrerak 15 euroren truke eros daitezke aldez aurreko salmentan.