Sexu eta Ugalketa Eskubideek mundu osoan jasaten dituzten urratzeei buruzko gogoeta

Laugarren aldiz, Euskadiko Medicusmundiren hiru elkarteek euskal gazteriari dei egiten diote ‘Gazteak Hegoaren Bila’ lehiaketan parte hartzera. Edizio honetan Medicusmundiren helburua, egin beharreko proben bitartez, bai gure ingurunean eta bai Hegoaldeko herrialdeetan ere Sexu eta Ugalketa Eskubideak urratzeak –batez ere emakumeen artean– dituen arrazoien eta ondorioen inguruko hausnarketa piztea da; eta halaber, eskubide horiek gauzatzea eragozten duten oztopoak salatzea.
Era berean, eta aurreko aldietan bezala, lehiaketa honen bitartez talde-lana sustatu nahi du medicusmundik. Horregatik, antolatzaileek hainbat erakunderen laguntza izango dute: Gehitu, Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkartea; Euskadiko Gazteriaren Kontseilua; Asexoría, Gasteizko Udalaren Aholkularitza Zerbitzua; edo Nuevos Horizontes Guatemalako erakundea. Halaber, 19 eta 30 urte bitartean izan, eta EAEn erroldatuta egon, ikasten aritu edo lan egiten dutenek, bertan parte hartu nahi badute, lau laguneko taldeak osatu beharko dituzte eta izen-ematea www.jovenesenbuscadelsur.org web gunean egin, martxoaren 27a baino lehen.
Taldeek, apirila eta maiatza bitartean, guztira lau proba egingo dituzte, eta horietan, Sexu eta Ugalketa Eskubideekin loturiko arazo desberdinak jorratuko dituzte. Epaimahaiak, gero, lanen edukia, aurkezpena, orijinaltasuna eta sormen-lana epaituko du. Bi taldek izango dute saria. Irabazleak Guatemalara bidaiatuko du herrialdea ezagutzera, eta bertan, medicusmundik herrialde horretan parte hartzen duen Sexu eta Ugalketa Eskubideei buruzko proiektu bat lehen eskutik ezagutzeko parada izango du. Bigarren sailkatuak, bestalde, bidaia-poltsa bat erdietsiko du Espainiako Estatu barruan proiektu bat bisitatu ahal izateko.
Lehiaketan jorratuko diren edukien artean hauexek izango dira: emakumeak munduan bizi duen egoera, sexu-dibertsitatearekiko errespetua edo sexu-transmisiozko gaixotasunen prebentzioa, hala nola GIB/hies; horiek guztiak funtsezko gaiak dira Sexu eta Ugalketa Eskubideen barruan, eta pertsonek beren sexualitatearen inguruan erabakitzeko duten askatasuna izan behar dute oinarri, inolako hertsadura, diskriminazio edo indarkeriaren mende egon gabe. medicusmundik horiek errealitate bilakatzeko lan egiten du bere proiektuen bitartez, bai Hegoaldeko herrialdeetan eta bai hurbileko ingurunean ere, eta horren adibide bat dugu orain deialdia egin duen Gazteak Hegoaren Bila lehiaketa.