Telebistan zein argitalpen desberdinetan gero eta ohikoagoak izaten dira telefonoaren bidez zerbitzu sexualak azaltzen dituzten iragarkiak. Teknologia Berrien eraginpean bizi garen une hauetan, hainbat pertsona bakarrik aurkitzen dira eta telefonoak sexu harremanak ‘izateko’ aukera ematen die.
Zerbitzu hauen arrakasta bi ezaugarri nagusietan oinarritzen da. Lehenik eta behin, harreman hauetan imaginazioa da nagusi. Beste aldean den pertsonaren izaera fisikoa ezagutu gabe, soilik ahotsaren bidez, gure imaginazioa nagusi izaten da eta desiorik beroenak biderkatu egiten dira. Honek gainera, hainbat tabu bideratzeko aukera ematen du, anonimotasunean izkutatuta jendeak bere desiorik izkutuenak atera baititzake.
Bestalde, telefonoz mantentzen diren harreman hauetan askatasuna ere nagusitzen dela esan daiteke. Esan bezala, ‘linea bero’ hauetan norbera den bezala azal daiteke, ez baitu ‘benetazko’ bikotekideari’ inolako azalpenik eman behar. Harreman hauetan fantasiak inolako arazorik gabe azal daitezke, beste aldean den pertsonak, azken finean, entzun besterik ez baitu egin behar.