‘Sormen Beka DA!’ laguntzaren V. edizioa

Aurtengo deialdia arte eszenikoetan ardaztuko da eta proiektuak aurkezteko epea datorren irailaren 21ean amaituko da.

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak Durangoko Azokaren barruan garatzen den ‘Sormen Beka DA!’ bekaren bosgarren edizioa aurkeztu dute. Aipatu laguntzaren xedea da euskarazko sormena sustatzea eta sortzaile gazteei beren lanak ezagutzera emateko aukera eskaintzea. Laguntza 15.000 eurokoa da.

Aurtengo deialdia arte eszenikoetan ardaztuko da. Hortaz, antzerkiarekin, zirkuarekin, dantzarekin, magiarekin edo performancearekin lotutako proiektu bat sarituko da.  Beste diziplina batzuekin bat egiteko aukera ere aurreikusten da. Aurreko edizioetan, literatura, musika, ikus-entzunezkoa eta proiektu digitalak izan dira bekaren ardatza. Adibidez, 2018an, egitasmo irabazlea Atopia RPG rol jokoa izan zen. Urtebete beranduago Kai Nakairen lehenengo lana izan zen saritua. 2020. urtean saria lau atal zituen ‘Bañolet’ telesailak eraman zuen eta azkeneko saria, hots, 2021ekoa, ‘Barraka’ bideo-jokoarentzat izan zen.

Aurtengo beka deialdira 18 urtetik gorako sortzaile berriak aurkez daitezke, bakarka edo taldean. Aurkezten diren egitasmoek zirkuitu profesionalean egiten diren lehen edo bigarren lanak izan beharko dute.

Proiektuak aurkezteko epea datorren irailaren 21ean amaituko da. Proposamenak gerediaga@durangokoazoka.eus posta elektronikora bidali behar dira. Deialdiaren oinarriak esteka honetan ikus daitezke.

Deialdi honen helburua da saritua den proposamena 2023an Szenatokiaren eskaintza nagusia izatea. 2019an, Durangoko Azokako Szenatokia guneak euskarazko lan laburren programa eskaini zuen, baina pandemiak formatu hori errepikatzea eragotzi du.